cerrar buscador

08:09

Sanferminak

Entzierroa

Lehen entzierroa, bizkorra eta arriskutsua

Erredakzioa

Torrestrella ganadutegiko zezenek 02:25 minutuan egin dute ibilbidea. Gutxienez bost korrikalari zauritu dira; bat, adarkadaz.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Aurtengo sanferminetako lehen entzierroa oso arriskutsua izan da; izan ere, zezen taldea zatitu egin da ibilbideko hainbat tartetan, eta gutxienez lau korrikalari ospitaleratu behar izan dituzte, horietako bat, adarkadaz zaurituta.

Torrestrella ganadutegiko zezenek 02:25 minutuan egin dute ibilbidea. Bost zezenek egin dute entzierroa, seigarrenak min hartu baitu txupinak lasterketari hasiera eman aurretik.

Taldea Mercaderes eta Estafeta kaleen arteko bihurgunean zatitu da, animalietako bi erori egin baitira.

Lehen aldiz, gainera, isuna jarri diote korrikalari bati, entzierroetako arautegi berria urratu duelako.

Paradoxa dirudien arren, korrikalari beteranoa da zigortutakoa. Ingelesa da, eta 21 urte daramatza sanferminetako entzierroak korritzen. Hain zuzen ere, Santo Domingoko tartean, zezenei itxaroteko lurzoruan margotutako marra laranja zeharkatzeagatik jarri diote isuna.

Entzierroa, tartez tarte

Azken orduetan Iruñean eurite handiak izan badira ere, eguraldiak errespetatu egin du aurtengo sanferminetako lehen entzierroa.

Korrikalariek santuari hiru aldiz abestu eta gero, animaliek Santo Domingoko aldapa abiatu dute, joaldunek aurrea hartuta. Bertan, Frutero izeneko zezen batek gizon bat adarkatu du, izterrean.

Ondoren, zezen taldeak azkar eta garbi zeharkatu ditu Udaletxe Plaza eta Mercaderes kalea, baina, Estafeta kaleko bihurgunean, bi animalia erori egin dira, eta harrezkero bananduta egin dute lasterketa.

Horren ondorioz, arrisku uneak izan dira Telefonicako tartean, eta korrikalari ugari erori egin dira, baina zezenak inor begiratu barik sartu dira plazan.

Iruzkinak