cerrar buscador

12:26

Sanferminak

2015eko sanferminak

Jai-usaina dario dagoeneko Iruñeari

T.S.J. | EITB.EUS

24 ordu baino gutxiago falta dira biharko txupinazoari ekiteko. 12:00az geroztik, musikan, zezenetan eta gastronomian murgilduko dira iruindarrak eta turistak.

1:20
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

24 ordu baino gutxiago falta dira 2015eko sanferminetako txupinazorako, eta jai-gogo handia antzematen zaie Iruñeari, iruindarrei eta turistei.

Bihar 12:00etan txupina botako dute Udaletxe Plazan, eta ordu horretaz geroztik, jaiak eztanda egingo du, eta datozen bederatzi egunetan musika, zezenak eta gastronomia izango dira protagonistak.

Peñen Eguna

Dena dela, asteburu honetan zehar hainbat ekitaldi izan dira, giro berotzen hasi direnak, alegia. Gauzak horrela, larunbata beroaz eta musikaz jositako eguna izan da, eta peñek 'Txupin Etxepare Omenaldia'ren lehenengo golardoa eman diete Veleta peñaren ondorengoei. Peñek eta Oroimenaren Autobusak sustatutako aipamen hori sanferminak jai herrikoiak egiten lagundu dutenei emango diete hemendik aurrera urtero.

Sanferminetan erabiltzen diren arropa zurien eta gorrien sortzailea izan zen Veleta peña XX. mendeko 30eko hamarkadan, eta horregatik, hain justu, omendu nahi izan dute.

Larunbateko ekitaldian 87 urteko Jesus Aristuri eskultura-aipamena eman diote, Veleta peñaren kideen artean bizirik dagoen bakarra baita. Horietako batzuk Guda Zibilaz geroztik fusilatu zituzten, ideologia ezkertiarrekoak baitziren.

Gainera, Juanito Etxepare ere gogoan hartu dute, "errepublikazalea eta sanferminetako zale amorratua", txupinazoa asmatu zuelako. Horregatik, aipatutako aipamenari Etxepare izena eman diote.

Bestalde, Nafarroa osoko 26 konpartsek, bi 'konpartsa txikik', 100 bat erraldoik, hainbat musikarik eta gaiterok giroa berotu dute Iruñeko alde zaharrean.

Cartel Sanfermines 2015 EFE

Jaietako kartela

Bestalde, hilabeteak dira sanferminak iragartzeko kartelak hirian ikusgai direla. Aurtengo irabazlea Javier Erice 'Kilikon' iruindarrak egindakoa izan da, eta kilikiren irudia ikus daiteke bertan.

Astelehenean, txupinazioa eta jaiaren hasiera

Sanferminei hasiera emateko, Iruñeko Orfeoiko eta Veleta peñako ordezkariek batera botako dute aurtengo txupinazoa bihar, 12:00etan. Lehendabizikoek sortu zirenetik 150 urte bete dituztelako, eta bigarrenek, berriz, sanferminetan horren ezaguna den janzkera zuri eta gorria sortu zutenak izan zirelako.

Txupina bota ostean, jaiak eztanda egingo du, eta hurrengo bederatzi egunetan, 459 ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute bertan bildutakoek. Jarduera horietatik, % 71 musikarekin lotuta egongo dira. Aurtengo berritasun gisa, gaiteroak arituko dira Gaztelu plazan txupinazoa jaurtitzeko ekitaldian. Kontzertuak Foruen Plazan egingo dituzte, eta zuzenean arituko diren taldeen artean, nabarmentzekoa da The Wailers.

Beste 82 ekitaldi umeekin eta familiartean gozatzeko pentsatuta daude, besteak beste, erraldoi eta buru handien agurra hilaren 14an Udaletxe Plazan. Jarduera hori aurreko urteetan izandakoa baino interaktiboagoa izango da. Gainera, bederatzi piroteknia lehiatuko dira Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketan, eta guztien artean, 6,2 tona lehergai zeruratuko dituzte.

MAM-eko argazkia: sanferminak-2014_Hotelen betetzea

Urtero bezala, milaka turista iritsiko dira egunotan Iruñera eta, hori dela eta, zerbitzuak eta langileak indartu dituzte hoteletan eta tabernetan, bereziki. Hotelen harira, jaia hasi baino egun batzuk lehenago, Iruñeko hotelen % 85a okupatuta dago, Teresa Fernandez Trivago Interneteko webgunearen Harreman Publikoetarako Espainiako bozeramaileak adierazi duenez.

Datozen egunetarako logelen bataz besteko prezioa 284 eurokoa da. Ekainarekin alderatuta, hilabete honetan prezioak % 76 garestitu dira.

Jarraipen berezia eitb.eus-en eta ETBn

Euskal Telebistak astelehen honetan hasiko diren San Fermin jaien jarraipen zabala egingo du. Gauzak horrela, Iruñeko kaleetan biziko den giro eta ekitaldi nagusien lekuko izango da ETB bederatzi egunez.

Txupinazoak emango die hasiera San Fermin jaiei, astelehenean, uztailaren 6an, eguerdiko 12:00etan. ETB1ek eta eitb.eus-ek 11:15ean egingo dute bat Iruñeko Udaletxeko plazarekin, ekitaldia zuzenean eskaintzeko. Festen hasiera ez ezik, Euskal Telebistak San Fermin jaiak agurtuko dituen 'Gaixoa Ni' ekitaldia ere eskainiko du uztailaren 14an.

Gainera, ETB1ek 'Sanferminak 2015' saio berezia eskainiko du astelehen eta asteartean, 22:25etik aurrera, Ilaski Serranok eta Julian Iantzik aurkeztuta. Asteleheneko saioari dagokionez, txupinazoa nola irten den, lehenengo egunak emandako irudi nagusiak, erreportajeak eta zuzeneko konexioak izango dituzte.

Iruzkinak