Itxi

Danborrada 2017

Iragarpena

Danborrak izozteraino

EITB.EUS

Benetan hotza espero da San Sebastian eguna. Donostian zeroz azpitik 3 gradu aurreikusi dituzte, eta Azpeitian, Tafallan eta Lakuntzan, -5 ºC-koak. Euririk, behintzat, ez du egingo.

Eskularruak ezinbesteko izango dira aurten San Sebastian egunean danborra ondo astintzeko. Izan ere, hotz egingo du, bazterrak izozteraino. Hotz-bolada dugu egunotan Euskal Herrian, Siberiatik etorritako aire masaren eraginez. Danborrada ez da salbuespena izango, eta -5 ºC-rainoko tenperatura minimoak espero dira urtarrilaren 20ko goizalderako. Donostian, Azpeitian, Tafallan eta Lakuntzan ospatzen duten egun handia ere hotza izango da, baina termometroek gora egingo dute, apur bat bada ere. Euririk, behintzat, ez da espero.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, Donostiak hotzez dardarka emango du San Sebastian bezpera. Tenperaturak zeroz azpitik hiru graduraino jaitsiko dira, zeru oskarbia lagun. Aurreko urteetan ez bezala, beraz, ez da euririk espero. San Sebastian eguna ere hotza izango da, baina termometroek gora egingo dute apur bat: altuenak 7-8 ºC-koak izango dira; baxuenak, -3 ºC-koak.

Azpeitian ere balio negatibotan ibiliko dira tenperaturak gauean. Goizaldean zeroz azpitik bost gradura jaitsiko dira termometroak. Ostiralean, gora egingo dute tenperaturek, koska bat bada ere, eta zazpi gradu inguruko maximoak espero dira.

Tafallan ere ospatzen dute San Sebastian eguna. Gipuzkoan bezala, Nafarroan ere hotza izango da protagonista. Goizaldean -4 eta -5 graduko minimoak aurreikusi dituzte, eta zerua, garbi. Urtarrilaren 20an, hodeiak tartekatuko dira zeruan; eguzkia lagun, baina, 8 graduraino igoko da termometroa.

Sakanan, Lakuntzan entzungo dira danbor hotsak. Tafallan iragarritako eguraldia izango dute han ere: hotzago agian gauean, eta zerua oskarbi.

Termometroak zeroz azpitik ibiliko diren arren, giroa epeltzeko ahalegina egingo dute nonahi.