eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Hiru3ko kideentzat

Bilboko Itsas Museorako eta Urdaibai Bird Centerrerako sarrerak doan

EiTBk Bilboko Itsasadarra Itsas Museoarekin eta Urdaibai Bird Centerrekin hitzarmenak sinatu ditu, eta Hiru3ko kideek sarrera bat lortu ahal izango dute doan, helduentzako sarrera bat erosiz gero.

  • Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa eta Urdaibai Bird Center

    Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa eta Urdaibai Bird Center

EiTBk historiaz eta naturaz gozatzeko eta modu dibertigarrian Bilboko itsasadarrari eta hegaztiei buruz asko ikasteko aukera eman nahi die Hiru3ko kideei. Horretarako, lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu Bilboko Itsasadarra Itsas Museoarekin eta Urdaibai Bird Center zentroarekin. Akordio horiei esker, etxeko txikiek Bilboko Itsasadarra Itsas Museorako eta Urdaibai Bird Center zentrorako sarrera bat lortu ahal izango dute doan, helduentzako sarrera bat erosiz gero.

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa Bilboko portuaren eta itsasadarraren bidez itsasoko abentura zoragarrira hurbiltzen gaituen behatoki pribilegiatua da. Museoa Euskalduna ontziola zegoen lekuan dago, Bilboko itsasadarraren ezkerraldean. Hiria eta eskualdea sustatzeko elementua izateaz gain, Museoaren helburua Bilboko itsasadarrean eta horretatik bizi izan diren gizon eta emakumeen historia, kultura eta nortasuna babestea eta hedatzea da; Bilboko itsasadarra itsasoko tradizioari estu lotuta dago.

Urdaibai Bird Center, berriz, naturaren museo bizia da, eta jendaurrera irekita dago hegaztiez eta horien migrazioez gozatzeko. Ekipamendua bera paduraren behatoki aparta da eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean dago. Zentroan bertan, ikerketa eta dibulgazio taldeak bildu eta koordinatzen dira, eta, horrela, bisitariak hegaztiei buruz garatzen diren proiektuen lekuko pribilegiatuak dira.

Datozen egunotan bidaliko dizkizuegu Bilboko Itsasadarra Itsas Museora eta Urdaibai Bird Center zentrora joateko kupoiak Hiru3ko kide guztiei mezu elektroniko bidez. Norbaitek jaso ezean, gurekin harremanetan jar dadila arazoa konpontzeko, hiru3@eitb.eus helbidera mezua bidalita edo 94 656 3122 telefono-zenbakira deituta; izan ere, baliteke helbide elektronikoa txarto jasota izatea gure datu-basean.

Hiru3 komunitatea EiTBk 0 eta 14 urte bitarteko ume eta gaztetxoentzat duen kluba da, eta bazkideek hainbat abantaila dituzte. Esaterako, aurten, PortAventurarako sarrera lor dezakete doan, eta gure zozketetan eta lehiaketetan parte har dezakete: Ibaizabalen liburuak, Mayaren produktuak, estreinaurrekoetarako sarrerak eta abar. Gainera, umeen intereseko albisteak jasotzen dituzte posta elektroniko bidez.

Hiru3ko kide egitea oso erraza da: eskari-orria bete, guraso edo tutore batek sina dezala, eta Hiru3ra bidali. Ez da besterik egin behar.

Animatu, Hiru3ko kide egin eta lagunei esan!

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB
  • Zozketak