eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

IKASTOLEN ALDEKO FESTA

Gorritxo Herri Urratsen egon da, maiatzaren 8an

Urtero bezala, maiatzaren bigarren igandean, Herri Urrats jaia ospatu da Senpereko aintziran, eta EiTB bertan izan da. Gainera, Gorritxo "3txulo"ko pertsonaiak argazkiak atera ditu umeekin.

  • Herri Urrats 2016

    Herri Urrats 2016

Gorritxo, "3txulo" saioko galtzagorri maitatua, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaian izan da, maiatzaren 8an, eta nahi duenak harekin argazkiak egiteko aukera izan du. Horrez gain, haurrak EiTBren Hiru3 ume eta gaztetxoentzako klubaren kide egin ahal izan dira jaian bertan. Hemendik egun batzuetara ongietorria emateko eskutitza jasoko dute eta Hiru3ko bazkide izateagatik hainbat abantaila izango dituzte: gure lehiaketetan eta zozketetan parte hartzeko aukera, Ibaizabalen liburu bat opari jasotzekoa, PortAventurarako eta Karpin Abenturarako sarrera bat doan lortzekoa, eta intereseko albisteak jasotzekoa, adibidez.

Herri Urrats festan ateratako argazkiak gure webgunean jarriko ditugu egunotan, iaz egin genuen moduan. Izan ere, 2015ean ikastolen aldeko jaietan eta euskal eskola publikoaren aldeko festan izan zen Gorritxo. Ehunka argazki atera zituen, eta hamar galeria baino gehiago argitaratu genituen web orrian.

Halaber, EiTBk, aurreko urteetan bezala, euskara eta hezkuntzaren aldeko jaien zabalkundea egingo du bere hedabideetan, eta horien inguruan jazotzen den guztia kontatuko du.

1984an sortua, Herri Urrats elkarteak Herri Urrats jaia antolatzen du urtero, Euskal Herriko euskaltzaleak bildu eta Seaskako ikastolei babesa emateko. Aurtengo leloa "Jalgi" da, eta Bernat Etxepare Lizeoari laguntzeko erabiliko du bertan batu den dirua. Izan ere, eraikin berri bat sortzeko proiektua abiatu dute, ikastetxe berria 2017rako kokapen berrian izan dadin. Eraikin berri horretan, Seaskako lehen sare profesionala irekiko da, Ipar Euskal Herriko haur eta gazteentzat euskaraz ikasteko eskaintza zabaltzeko.

Lizeoak euskarazko lehen idazle ezagunaren izena duenez, horren esaldi ospetsuenak oroitarazi nahi ditu Herri Urratsek: "euskara, jalgi hadi plazara... jalgi hadi mundura". Horregatik, aurtengo edizioaren leloa hauxe izan da: "Jalgi".

2016ko Herri Urratsek eta EiTBk jauzi hori egiteko gonbita egiten dute, Senpereko aintziratik mundu osora.