eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

11:00etatik 18:00etara

HIRU3 JAIAk musika izango du ardatz, ekainaren 11n, Bilbon!

Egun osoko jaia izango da, musika ardatz, bost gunetan banatuta. Go!azen eta 3TXULO saioetakoen ikuskizunez gain, erronka berezia egingo dugu: Euskararen Txantxangorria abestu, dantzatu eta joko dugu!

EiTBren Hiru3 haur komunitateak egun osoko jaia ospatuko du ekainaren 11n Bilbon, Casilda Iturrizar parkean. Goizean hasi eta arratsaldera arte, 11:00etatik 18:00etara, hainbat ikuskizun, musika emanaldi, tailer eta sorpresa izango dira bertan.

Musika ardatz hartuta, eguneko une nagusiak hiru izango dira:

- ?Go!azen dantzatu eta abestera? Basakabiko neska-mutilen kaleko musika ikuskizuna. Haur eta gaztetxoek telesail ospetsuko kantak abestu eta dantzatzeko aukera izango dute.

- Euskararen Txantxangorria erronka: Denon artean, Euskararen Txantxangorria abestu, dantzatu eta joko dugu. Musika-tresna bat jotzen baduzu, abestea gogoko baduzu edo dantzazalea bazara, zatoz zu ere erronka izugarrian parte hartzera!

- ?3TXULO eta lagunak? ikuskizun berezia. 3TXULOtarrek euskal ume eta gaztetxoentzat ezagunak diren lagunekin dantzatuko dituzte abesti kutunenak.

Horrez gain, jaiak hainbat gune eta agertoki izango ditu. ?Hiru3 dantza!? ekitaldiarekin abiatuko da jaia, eta goizean zehar musika eta dantza eskolek beraien erakustaldiak eskainiko dituzte, dantzan zein kantuan parte hartuta; ondoren, street dance masterclass saioa izango da nagusi. Gainera, Tor magoa ere jaian izango da, eta bertaratzen diren guztiak liluratuko ditu bere trukoekin.

Errealitate areagotua

Halaber, teknologia berriena ere HIRU3 jaira etorriko da aurten; izan ere, errealitate areagotuaren bitartez, ume eta gaztetxoek 3TXULOtarrekin batera dantza egiteko aukera izango dute; gainera, gure standetik igaroko diren haur guztiekin bideoa grabatuko da, eta ETB3n zein HIRU3 webgunean izango dira ondoren guztiak ikusgai.

Tailerrak eta ekintzak izango dira egun osoan zehar: ETB3ko marrazki bizidunetako protagonista ezagunen irudiarekin aurpegia margozteko tailerra, puzgarriak eta ludoteka, musika-tresna birziklatuen tailerra, etab. HIRU3 komunitateak ere bere txokoa izango du, eta egunean zehar kide egiten direnak zein aurretik webgunean izena ematen duten kideak jai bukaeran egingo den zozketa berezian sartuko dira.

Indarrak hartzeko, jateko gunea ere prestatuko da, mahai eta aulki eta guzti. Gainera, janari, izozki eta edariak erosteko orduan, HIRU3ko kideek abantailak izango dituzte prezioan. Halaber, sariak eta sorpresak ere ez dira faltako: HIRU3 kamiseta egiteko marrazki lehiaketa, kide guztien artean zein erronkan parte hartu dutenen artean zozketa bereziak?

Zure zain izango gara HIRU3 JAIAn, ekainaren 11n, Bilbon!

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista