Itxi

Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

Gas isurketen murrizketez, Ibon Galarraga ikerlaria 'Faktoria'n

Barack Obama eta Xi Jinping AEBko eta Txinako presidenteek gas kutsagarrien isurketak murrizteko akordioa iragarri dute, eta BC3ko ikerlariak horren garrantziaz eta ondorioez hitz egingo du 09:30ean.

Gaur, asteazkena, 16:00etan zabalduko ditu ateak Xabi Larrazabalek eta Maider Segurolak zuzentzen duten 'Hiri Gorrian' saioak. Lehen orduan, Internetez hitz egingo dute Telmo Sexmilorekin, eta, bigarren orduan, tertulia egingo dute.

20:00etan, Arantxa Iturbek zuzentzen duen 'Arratsean' saioan, Xabi Erkizia izango dute, astero legez, entzule perfektuaren bila, eta, ondoren, Joseba Irazokirekin hitz egingo dute Joseba Irazoki eta lagunak disko berriaz.

Bihar, asteazkena, 07:00etatik 13:00etara zabalduko ditu Euskadi Irratiko ateak 'Faktoria' saioak. Maite Artolak zuzentzen duen 'Faktoria' albistegian, Nerea Azurmendi, Martxelo Otamendi eta Bingen Zupiria kazetariekin egiten duten asteroko tertuliaren barruan, besteak beste, Maroto Gasteizko alkateak etorkinek jasotzen dituzten laguntzen inguruan esandakoen harian sortutako iskanbilaz hitz egingo dute, eta, besteak beste, Hajar Samadi emakume musulmanen elkarteko kidearen iritzia entzungo dute. Programaren azken partean, Ibon Galarraga BC3 Basque Centre for Climate Changeko ikerlariarekin hitz egingo dute Barack Obama eta Xi Jinping AEBko eta Txinako presidenteek gas kutsagarrien isurketak murrizteko sinatu duten akordioren garrantziaz eta ondorioez.

Jarraian, Manu Etxezortuk zuzentzen duen 'Faktoria' magazineko lantaldeak hartuko du lekua Euskadi Irratian. 10:00etan, antena kolektiboen inguruan hitz egingo dute Tandem antena instalazioetako Pernando Basterretxearekin; gogoratu, antena kolektiboak dituzten etxebizitzek moldaketak egin behar dituztela ETB ikusten jarraitu nahi badute. Sestao eta Barakaldo artean dagoen Babcock Wilcox lantegi ohira bisita ere egingo dute; batzuk ondare bihurtu nahi dute eta beste batzuek, bota. Bestalde, 11:00etan 'Faktoria' saioko unitate mugikorra Julio Caro Baroja idazle eta antropologoaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ekitaldian egongo da. Bertan, Marisol Taberna Berako alkatearekin eta Ixa Ordoñez eta Josu Goia Baroja ezagutu zuten beratarrekin hitz egingo dute. Eta eguerdian, Donostiatik Erromarako bidea oinez egin duen Agustin Beloki erromes jubilatuarekin hitz egingo dute.

16:00etan zabalduko ditu ateak Xabi Larrazabalek eta Maider Segurolak zuzentzen duten 'Hiri Gorrian' saioak. Lehen orduan, Unclose taldekoekin hitz egingo dute; Split77 taldetik sortutako taldeak Bilboloopen egin behar du debuta laster. Eta bigarren orduan, pisukideen tertulia izango dute Felix, Zigor eta Ane Mirenekin.

20:00etan, Arantxa Iturbek zuzentzen duen 'Arratsean' saioan, Lurra taldearen Akatsa sisteman diskoaz hitz egingo dute Iñigo Muguruza eta Ane Garciarekin. Ondoren, Jose Luis Goenagak Biarritzen duen erakusketara egin duten bisita eskainiko dute, eta, programa amaitzeko, Begoña del Tesok zineman zer ezin dugun galdu esango digu.