Itxi

Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

Kopako finala

Euskadi Irratia Errege Kopako finalean

Ostiralean, Bilboko eta Bartzelonako giroa sentitu eta biziko dugu Euskadi Irratiko lantaldearen eta zaleen eskutik. Larunbatean, Hiru Erregeen Mahaia saio berezia eskainiko dugu 16:00etatik aurrera.

Athleticek eta Bartzelonak larunbatean Nou Campen jokatuko duten Errege Kopako finalean egongo da Euskadi Irratia, eta, horretarako, lantalde zabala bidali du Bartzelonara. Athleticen jarraipena egin ohi duen Aritz Gallastegi izango da kirol arloko berrien eta finalaren kontakizunaren arduraduna. Alboan izango ditu Maitane Urbieta eta Lander Eizagirre kazetariak, zelaian eta zelaitik kanpora, Athletic Hirian, gertatzen den guztiaren berri emateko.

Ostiralean, goizean goizetik, Bilboko Termibus autobus geltokiarekin bat egingo du "Faktoria" saioak bertako giroa jasotzeko, eta, ondoren, Euskadi Irratiko lantaldeak bidaia zaleekin batera egingo du. 10:30ean, Euskadi Irratiko Maitane Urbieta eta Lander Eizagirrerekin bat egingo dute, eta baita bidaia hegazkinez egingo duen Txemi Galarraga ETBko kazetariarekin eta Errege Kopako finala ikusteko sarrera opari jaso duen Arantza Meaberekin. Eli Zunzunegi lankidea ere Bartzelonako giroa kontatzen izango da egun osoan, eta bertako Euskal Etxearekin ere bat egingo du Euskadi Irratiak 11:30ean. Ostiralean, arratsaldez, Athletic Hiritik konexioak egingo ditu Euskadi Irratiak.

Larunbatean, goizean goizetik hasita eta goiz osoan, Bartzelonako giroaren argazkiak jasoko ditugu Maitane Urbieta eta Lander Eziagirreren eskutik. Eta arratsaldean, 'Hiru Erregeen Mahaia' saioak, saio berezia eskainiko du, 16:00etatik gauerdira arte. Aritz Gallastegik egingo du partidaren kontakizuna Nou Campetik, eta Maitane Urbieta izango du lagun zelaian. Lander Eizagirrek Athletic Hiriko giroaren berri emango du, eta Ander Altuna San Mamesen dagoen giroaren lekuko izango da eta zuzenean kontatuko digu. Partida 21:30ean hasiko da.