Itxi

Amarauna

Amarauna

Errege Kopako finala eta Ibilaldia hizpide 'Amaraunean'

Larunbatean, Bartzelonako Athletic Hirian eta Bilboko kaleetan ibiliko dira zaleekin batera, eta igandean, Bilboko bihotzean, Harrobia ikastolak antolatzen duen Ibilaldian egongo da 'Amarauna'.

Larunbatean, 10:00etan zabalduko ditu Euskadi Irratiko mikrofonoak 'Amarauna' saioak, zuri-gorriz jantzita. Errege Kopako finala dela eta, Bartzelonako Athletic Hirian eta Bilboko kaleetan zale zuri-gorrien ilusioa zabaltzen ibiliko dira, eta munduko athleticzaleekin ere hitz egingo dute.

Horrez gainera, Karmele Salaberriak eta bere taldeak aztertu dutenaz hitz egingo dute: 'Nola sortzen dugu gure gorputzaren irudia?'. Ikerketa horretatik ateratako ondorio nagusiak azalduko dituzte 'Amaraunean'. Telebistako bi protagonista ere hartuko dituzte 'Amaraunean': Mikel Pagadizabal eta Zuhaitz Gurrutxaga. Eurei galdetuko diete herri txikiak infernu handiak diren ala ez. Larunbateko programa amaitzeko, Olatu Talkan ere egingo dute sartu-irtena.

Igandean, berriz ere Bilborako bidea egingo dute, baina kasu honetan Bilboko bihotzean Harrobia ikastolak antolatu duen Ibilaldira; Athletic-en Errege Kopako finalean lortzen duen emaitza ere kontuan izango dute. Horretaz aparte, eta Bilbon bertan, Arriaga antzokiaren 125. urteurrena ospatuko dute, eta, larunbatean bezala, Olatu Talkak duen abiadura neurtuko dute programa amaitzeko.