Itxi

Ekosfera

Hizkuntza ekologia

Euskara eta latina: iraupenaren misterioa

Iñaki Ortigosak euskararen misterioari buruz hitz egin digu.

  • Koldo Mitxelena

    Koldo Mitxelena

    3:34 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Esana da latina ez dela hila, hizkuntza erromantzeetan bizi dela, euskaldunok inguratzen gaituzten erdarak latin modernoa besterik ez direla.

Bai. Eta euskarari, latinak zer? Latin ahalguztidunak ez zuen desagerrarazi, erromantzeek ez dute irentsi. Nola da posible?

“Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria”. Halaxe zioen Koldo Mitxelena handiak.

Euskararen historia bera misterio handia da, dokumentu faltagatik, batez ere. Gure hizkuntzazko lehen hitz idatziak X mendeko testu batekoak dira, Donemiliagako gaztelerazko glosekin batera datorrena.

Bi esaldi besterik ez da lehen euskal testu hura. “Izioki dugu. Guek aiutu ez dugu”. Bi esaldi, bi aditz:

“Izioki” , euskal jatorrikoa, eta “aiutu”, latinezko “adiutum” , partizipiotik datorrena, (“adiuvo” aditzarena, berez “lagundu”, “konforme egon” esan nahi duena).

Euskal erroko aditzari “-ki” jatorra eransten dio Donemiliagako idazleak (izio-ki), latinezkoari, aldiz, latinezkoa (*adju-tu). Nori berea.

Mila urte igaro ondoren, “-ki” eta “-tu” molde bietako aditzak ditugu euskaran, baina zalantzarik gabe zabalena eta erabiliena bigarrena dugu, latinezko atzizkiarena, aditzak sortzeko benetan bizirik dagoen bakarra izanik orain garai batean arrotza zen hura. Gaur egun aditz bat sortu behar dugunean, bai hizkera kultuan bai arruntean, latinezko “-tu” horretara jotzen dugu: “gorritu”, “digitalizatu”,  “poltsikoratu”... berdin digu hitzaren erroa, edozeini erantsi ahal zaio “-tu” magiko hau. Euskal jatorrizko “-n” (“joan” edo “edan” aditzena), “-i” (“ibili” edo “erosi” kasuena) eta “-ki” (“jaiki” edo “ebaki” bezalakoena) aditz zaharretan geratu zaizkigu baina ez ditugu jadanik erabiltzen aditz berri bat sortzeko.

X mende urrun hartan Donemiliagako euskaldunak latinezko jatorriko aditzean mantendu zuen “-tu” hura, baina euskal jatorriko “izio” hari “-ki” euskal atzizkia gorde zion. Nori berea, esan bezala. Mila urte geroago, Bizkaia aldean erro bereko aditza ez da “izioki”, “iziotu” baizik. Latinezko bidea irabazle suertatu da eta edozeini aplikatzen zaio.

Euskarak ez zion aurre egin ezta bizkarra eman latinari, etekina atera egin zion. Latinetik edan zuen biziberritzeko. Egokitu zen, eboluzionatzen jakin zuen, bizidun garaileen antzera. Horra hor iraupenaren misterioa argiturik: latinak iraunarazi egin zion euskarari.