Itxi

Ekosfera

Ekologia Zipriztinak

Triku, gau batez

Amets aztoragarria egin du Arantxak: Arantzaz josita zeukan bizkarra!

  • 3:20 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Amets bat izan dut bart. Europako intsektujalerik handiena nintzen, ia 30 cm nituela. Kilo bat baino zertxobait gehiago pisatzen nuen eta azkura nuen bizkar aldean. Zabaldu ditut nire bost hatzak; luzatu ditut hankak eta... bizkarra arantzaz josita nuen! Orduantxe konturatu naiz, ai ama, trikua nintzen, kirikiñoa, kirikolatza, sagarroia, kirkiolatza! Eta bai latza, nire egoera, ongitxo baitakit Bernako konbenioko III. erasnkinean daudela animaliok, hau da, neurririk hartu ezean, gutxira biziraupena mehatxaturik nuen gixajoa nintzen. Penaturik, gauez jan bila atera naiz, nire gorputz borobildua batetik bestera mugituz.

Fruitu txikiak ere jaten ditudala badakit, baina bart gauean zerbait fuerteagoa behar nuen. Ez zizarerik, ez barerik; ahal bazen, narrasti txikiren bat edo haien arrautzaren bat, gutxienez. Udazkenean sartuta, espabilatu beharra nuen. Ongi jan eta zulo baten bila hasi beharko nuen, edo sustraipe goxoren baten bila, bertan pilota eginda negua igarotzeko. Salbu egongo nintzen horrela, gorputza hotz (5º ingurura) (Castells eta Mayo, 1993) baina salbu. Gaua ibilian eta igerian egin dut. 50 bat hektareatan ibiliko nintzen (5,5 ha eta 102,5 ha arteko azaleran ibili ohi da, Boitani eta Reggiani, 1984).

Eta halako batean, nire super usaimenak zerbait somatu du: sugandila bat, nire afaria. Belarretatik atera eta asfaltora pasa naiz. Epel dago, egunez eguzkiak gogor jo du eta. Urratsez urrats gurutzatzen hasi naiz eta... Asmatu duzue; zergatik? Auto baten argiak ikusi ditut lehenengo eta ondoren... Nik ihes egiteko egin ohi dudana egin dut: pilota beldurgarri eta harriskutsu bihurtu naiz baina... Ez dakit zer gertatu den, une horretan esnatu egin naiz eta. Gidaria errepide horretarako egokia zen abiaduran joango zela espero dut, eta trikuak udaberrian bere 6 kumeak ezagutuko zituela. Esna, poza eman dit bizkarrean arantzarik ez nuela sentitzeak. Izaratik besoa atera, eta bost hatzekin lasai egin dut azkura, bizkar aldean. Amets goxuak izan, entzule.