Itxi

Albisteak

Elkarrizketa

Etxaide: "Jendea aktibatzera bideratutako dinamika bultzatu nahi dugu"

G.U.

LABeko idazkari nagusiak prekarietatearen kontra adostu dituzten bost neurriei buruz hitz egin du Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan.

LAB sindikatuak delegatuen batzarra egin du Bilbon, eta prekarietateari aurre egiteko bide-orria zehaztu dute bertan. LABeko idazkari nagusiak prekarietateari aurre egiteko bost neurriak azaldu ditu Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan: 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lanaldiak enplegua sortzeko neurri gisa, emakumeentzat bide espezifikoa bi bide horietara iristeko, lan-osasuna bermatzea eta Euskal Herrian lan-munduan euskaraz aritzeko eskubidea. Neurri horiekin, "lan-merkatua goitik behera aldatuko da", eta, beraz, "baita egoera soziala eta ekonomikoa ere", LABen ustez.

Halaber, ekintza sindikala neurri batean aldatu egingo dela aurreikusi dute, negoziazio kolektiboa ez delako ardatz izango. "Boterea patronalak duenez, negoziazioa erabiltzen dute eurek nahi dutena lortzeko". Hori dela eta, kolektiboz kolektibo hasiko dira lan-merkatua aldatzeko urratsak egiten. Ainhoa Etxaidek nabarmendu duenez, "jendea aktibatzera bideratutako dinamika da". Mobilizazioak beharrezkoak direla uste dute, baina "jarrera aktiboa" bultzatu nahi du LABek.

Sindikalismoaren krisia

Etxaideren iritzian, sindikalismoa "berrasmatu" behar da. "Eskubide sozialak lortzeko bideak kendu dizkigute, eta bide berriak bilatu behar dira". Hori dela eta, sindikalismoak langileengana jo behar du, ez langileek sindikatura, erantsi du.

Sindikalismoa krisian dagoela onartu du Etxaidek, baina, horren esanetan, "argi utzi behar da zein den sindikalismoaren erantzukizuna eta zein botere ekonomikoarena". Dena dela, "guk gureari erantzun behar diogu", azpimarratu du.

Egoera politikoa

Abenduaren 20ko hauteskundeen ostean izango den legealdi berriaz galdetuta, "ez dugu ezer onik espero", erantzun du. Dena den, LABek ez du arazoa Madrilen kokatzen: "Gure erreferenteak bertako instituzioak dira".

Azkenik, "euskal estatuaren eraikuntzan" jokatu nahi duten rolari dagokionez, egoera desblokeatzeko, aldaketa sozialak behar direla uste du LABek, eta hori prozesu politiko baten emaitza izango dela. Etxaideren hitzetan, adar politikoarekin zuten harremana asko aldatu da azken urteetan, eta gogoeta estrategikoa ireki dute kapitalismoari eta langileen egoera espezifikoari begiratuz. LABek mugimendua bultzatu nahi du, Euskal Herriari alternatiba politiko eta soziala emateko. Sindikatu autonomoa izaten jarraituko du, baina bide batean buru-belarri inplikatuta, eta hor dialektika berriak bilatzen ari dira, Etxaideren esanetan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • LAB