Itxi

Albisteak

Asteartean

'Wonderwoman' eta emakumezko estereotipoak zineman, 'Faktoria'n aztergai

Gainera, 1960 eta 1978 bitartean polizia gehiegikeriak eragindako biktimen zerrenda eta haien testigantzak izango ditugu aztergai.

Wonderwoman filma arrakastaz estreinatu da zinema aretoetan. Emakumezko superheroiaren komiki istorioa, emakume batek ekarri du zinemara, eta horrek aldeko kritikak eragin ditu, emakumezko estereotipoetan aldaketa somatzen omen delako. Gogoeta horretatik tiraka arituko gara, asteartean, 'Faktoria'n Arantza Santesteban komunikazio eta genero gaietan aditu den gonbidatuaren laguntzaz. Gainera, 1960 eta 1978 bitartean Polizia gehiegikeriak eragindako biktimen zerrenda eta haien testigantzak izango ditugu aztergai solasaldian.

07:00etan hasiko da saioa eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du gidaritza. 08:30ean, solasaldian izango dugu Martin Garitano, Mikel Aramendi eta Joseba Arruti. Aktualitate informatiboaren analisian ariko gara, eta polizia gehiegikeriaren biktimak zango dituzte hizpide, besteak beste. 09:30ean, elkarrizketatuko dugu Arantza Santesteban, Wonderwoman-en arrakastaz, eta emakumeen estereotipoez. Gainera, Eli Larrinagaren sinadura ere jasoko dugu.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, 'Faktoria Magazina' abiatzeko. Lehenik eta behin, hondartzetako toldoekin poltsak egiten dituen Idoia Larrañaga izango da gurekin. Jon Sanchezek aktualitatea puri-purian ekarriko digu gero, eta, kirol aurrerapena entzun ondoren, 'Ekosfera' saioaren leihoa zabalduko du Jokin Aldazabalek.

11:00etan, La Salle ikastetxera joko dugu, ikasgela egonkor bat sortu baitute han garun paralisia duten pertsonekin. 11:30ean, 600 kotxeak 60 urte beteko dituen egunean, lehendabiziko autoaz hitz egingo dugu Xabier Amuriza eta Carlos Cidekin.

12:00etan, 'Sukaldari Dema' izango dugu Pili Manterola eta Igor Zalakain sukaldariekin. Brinoiak eta melokotoiak izango dituzte osagai nagusi. Saioa amaitu aurretik, Amancay Gaztañagarekin ere hitz egingo dugu.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz