Itxi

Albisteak

Asteazkenean

Mikel Ayestaran eta Ane Irazabal kazetariak, 'Faktoria'n

ERREDAKZIOA | G.U.

Bi kazetariek eta Karlos Zurutuzak idatzitako Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburua aztertuko dugu, eta munduan zehar kazetaritza lana nola egiten duten kontatuko digute.

  • Mikel Ayestaran eta Ane Irazabal

    Mikel Ayestaran eta Ane Irazabal

Ane Irazabal eta Mikel Ayestaran kazetariak elkarrizketatuko ditugu asteazkenean 'Faktoria' magazinean. Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak, biek eta Karlos Zurutuzak idatzitako liburua aztertuko dugu, eta munduan zehar kazetaritza lana nola egiten duten kontatuko digute. Gainera, 948 merkatuan egongo gara. Dori Lopez Jurio Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariak emango dizkigu azalpenak, eta bertan parte hartzen ari diren hainbat kiderekin ere egin dugu hitzordua.

07:00etan hasiko da albistegia, Igotz Alkortaren gidaritzapean. 07:50ean, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Eli Larrinagaren iritzi tartea entzungo dugu. 08:30ean, solasaldirako tartean, Mikel Aramendi, Iker Rioja eta Amaia Espinosa arituko dira aktualitatearen analisia egiten. 09:30 aldera, Gipuzkoako enpresa txikien eta ertainen diagnostikoaz ariko gara Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko diputatuarekin eta Adrian Zelaia eta Lander Beloki ekonomian adituekin. Ordua amaitzeko, Koldo Almandoz zinemagilearen errematea entzungo dugu.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, magazina abiatzeko. Hasteko, Idoia Torregarairen umore printza izango dugu. Jarraian, Mikel Ayestaran eta Ane Irazabal elkarrizketatuko ditugu. 10:30ean, Juanjo Sanmiguel lankideak Errusia izango du hizpide. 11:00etako kirol aurrerapenaren ostean, 948 merkatuan, Nafarroako Arteen Merkatuan, sartuko gara, Iruñean, Dori Lopez Jurio Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariarekin. 11:30ean, Esther Moyuaren liburu gomendioa entzungo dugu.

12:00etan, berriz joko dugu 948 merkatura, baina, oraingoan, bertan parte hartzen ari diren hainbat kiderekin hitz egiteko. 12:30ean, Imanol Ituiñoren magia izango dugu, astero legez.

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.