Itxi

Albisteak

Ostiralean

Arnaldo Otegi eta Jesus Eguigurenekin Txillarre baserrian bilduko da 'Faktoria'

ERREDAKZIOA | G.U.

Pello Rubio baserriaren jabearekin ere hitz egingo dugu. Bestalde, magazinean, Twin Melody bikotea zuzenean abesten izango dugu, eta Begoña Del Teso Berlindik sartuko zaigu, Berlinaleren atariko.

  • Txillarre baserria

    Txillarre baserria

Elgoibarko Txillarre baserritik saio berezia eskainiko du 'Faktoria'k ostiral honetan. Euskal Herriko iragan gertukoa baldintzatu zuten elkarrizketen sorburua izan zen mahaian bertan jarriko ditugu Euskadi Irratiko mikrofonoak eta mahaiaren bueltan bertan batuko, elkarrizketa haietako protagonistak: Jesus Eguiguren eta Arnaldo Otegi. Pello Rubio Txillarreko jabeak egingo ditu anfitrioi lanak. 09:00etatik aurrera, zuzenean, entzungo ditugu bi politikariek gaur egungo egoeraz eta ETAren amaieraz dituzten iritzi eta gogoetak.

07:00etan hasiko da albistegia, Iñigo Alustizak gidatuta. 07:50 aldera, Txillarre baserritik sartuko zaigu Maite Artola, eta Fabian Laespadaren sinadura entzungo dugu. 08:30ean, Javier Arrieta eta Eguzki Urteaga izango ditugu solasaldian, aktualitateari errepasoa egiten. 09:00etan, Txillarrera joko dugu berriz ere, eta bertatik egingo dugu 10:00etara arteko bidea. Maite Artolarekin batera, Arnaldo Otegi, Jesus Eguiguren eta Pello Rubio izango ditugu mahaiaren bueltan. Albistegia amaitzeko, Iban Zalduak asteari errepaso musikatua egingo dio.

10:00etan hartuko du lekukoa Manu Etxezortuk. Magazinaren hasieran, astearen prentsa errepasoa egingo digute Jurdan Arretxek eta Mikel Garciak. 10:30ean, Forges marrazkilariak Tolosarekin zuen lotura ekarriko dugu gogora. 'Naturaldia' jaialdira sarri etortzen zen marraztera. Jarraian, reggaeton musikaren mezuak aztertuko ditugu, Ana Txurruka Donostiako Emakumeen Etxeko Berdintasun teknikariarekin eta Joseina Etxeberria lankidearekin eta gazteekin hitz eginez.

11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, Twin Melody bikotea (Paula Etxeberria eta Aitana Etxeberria) izango dugu zuzenean, disko berriaz hizketan eta diskoko kantuak zuzenean abesten. 11:30 aldera, Ane Muñozen bizitzako pasadizoak entzungo ditugu, eta, ondoren, Berlinaleren berri emango digu Begoña Del Tesok, Berlindik bertatik.

12:00etan, asteburuan 'Amarauna' saioan landuko dituzten gaiak aurreratuko dizkigu Gari Udabek. Gero, Urdaibai Bird Centerrera joko dugu Edorta Unamunorekin, eta zinema-aretoetan ikusgai izango diren lanen berri ere emango dugu.

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia