Itxi

Albisteak

Astelehenean

PSE-EEren bategiteaz eta Euskadiko Artxibo Historikoa, 'Faktoria'n

ERREDAKZIOA | G.U.

Kepa Aulestia, Xabier Gurrutxaga eta Patxi Elola eta Esozi Leturiondo izango ditugu. Gainera, 'Egin' egunkariko artxiboko dokumentuak jaso ondoren, Euskadiko Artxibo Historikora joango gara.

Euskadiko Alderdi Sozialistak eta Euskadiko Ezkerrak bat egin zutenetik 25 urte betetzear diren honetan, garai hartako protagonisten ahotsak bilduko ditugu 'Faktoria'k, astelehen honetan. Kepa Aulestia, EEko idazkari nagusi izandakoa, Xabier Gurrutxaga EUEkoa eta, Patxi Elola eta Esozi Leturiondo sozialistek berrituko dituzte bat egite hartako gogoetak eta gakoak. Unitate ibiltaria, berriz, Euskadiko Artxibo Historikora joango da bisitan. Egin-eko artxiboko dokumentuak jasotzeko lanak bukatu berritan, non eta nola zainduko dituzten ezagutuko dugu eta azalduko dizkigute artxiboko gainontzeko fondoak nola osatzen diren. Gaizka Aginagalde artxiboko zuzendariarekin eta Mikel Aizpuru Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendariarekin egina dugu hitzordua bertan.

07:00etan hasiko da albistegia. 07:50 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Maddalen Arzallusen sinadura izango da. 08:30ean, Ramon Etxezarreta, Jose Ramon Beloki eta Laura Mintegi arituko dira aktualitateari buruzko analisian. 09:00ak aldera hitz egingo dugu PSE-EEren bategiteaz, eta 09:30 aldera, berri joko dugu Euskadiko Artxibo Historikora. Albistegia amaitzeko, Bernardo Atxaga entzungo dugu.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du magazinaren gidaritza, eta, hasteko, asteburuko kirol emaitza eta gertakizun guztiak aztertuko dituzte Andoni Urbistondok eta Beñat Zarrabeitiak kirol solasaldian. 10:30ean, Arantxa Sistiagak – Nafarroako Erizainen Elkargoko idazkariak- erizain nafarrek bakarrik dauden erizain-ohiei laguntzeko osatu duten boluntario taldeaz hitz egingo digu. 11:00etako kirol aurrerapenaren ostean, itsasgizonen istorioak ekarriko dizkigu Xabier Alberdik, eta, 11:30ean, Thierry Biscaryk bakarkako lehen diskoa aurkeztuko digu: Manez… Jon Maia, Uxue Alberdi, Aurelia Arkotxa, Itxaro Borda, Xabier Euzkitze izan ditu lagun kanten hitzak idazteko orduan.

12:00etan, Kutxa Ekogunea tartea zabalduko dugu eta Itsaso Olaizolak esango digu zer egin dezakegun haurren euskaraz hitz egin dezaten. Saioa amaitzeko, Tania Arriagaren 'Harriadak' entzungo ditugu, eta lehiaketa izango dugu.

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia