Itxi

Faktoria

Gastromia

'Guide de Gourmands' aldizkariak Donostiako Iker urdaitegia saritu du

G.U.

Bretxa merkatuan dauka postua Iker Altzugaraik. Euskadi irratiko 'Faktoria' saioan esan duenez, "oso pozik"  itzuli da Paristik, Coq D'Or garaikurra besapean hartuta.

Europako 13 elikadura enpresa edo establezimendu onenak saritu berri ditu Frantziako Guide de Gourmands aldizkariak, eta Coq D’Or izeneko 13 garaikur horietako bat eskuratu du Iker Altzugaraik, Donostiako Bretxa merkatuko Iker urdaitegiaren jabeak.

Euskal produktuak saltzen ditu Altzugaraik bere postuan, eta, sariketa horretara, Getariako produktuak aurkeztu ditu: ilarrak, olagarroa eta antxoak.  Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan nabarmendu du "kanpora joaten garenean ohartzen garela hemengo produktoreek zeinen gauza zoragarriak egiten dituzten".

Ekainean, Paris Basque ekitaldian izan zen Altzugarai. Bertan, sukaldariek euren ekoizleekin edo hornitzaileekin hartu behar zuten parte, eta Iker urdaitegiko jabea Ipar Euskal Herriko bost sukaldarirekin joan zen hara, tartean, Donibane Lohizuneko Zoko Moko jatetxeko Rémy Escalerekin, Michelin izardun sukaldari entzutetsuarekin. Aipatu duenez, "Parisen, Euskal Herriko produktuak oso gustagarriak dira", baina lehen aldia zen Hego Euskal Herriko produktuak bertan aurkezten zituztela. Guide De Gourmands aldizkariko Elisabeth De Meurvilek elkarrizketa egin zion saltzaileari, eta laginak ere eskatu zizkion; Europako beste hainbat jakirekin alderatu ostean, Coq D’Or sarietako bat Altzugarairi ematea erabaki du komunikabide horrek.

Gaztak, ostrak, barraskiloak, olioa… denetarik saritu du aurten Frantziako agerkari ezagunak, eta, tartean, Ikerrek saltzen dituen produktuak. Saria lortzea oso ona dela uste du, baina, orain, "mantendu beharra dagoela" dio, eta urtero etortzen baitira ikustera saridunak lanean nola ari diren ikustera.

en ikustera.