Itxi

Faktoria

Alzheimerra

Gurmendi: "Alzheimerrak ametsak gauzatzeko murriztuta uzten zaitu"

G.U. | eitb.eus

Urte luzetan 'Goenkale' telesaileko Hortentsi izan zen Arantxa Gurmendi. 2010ean diagnostikatu zioten alzheimerra, eta gogorrena "independentzia galtzea" egiten zaiola aitortu du Euskadi Irratian.

  • Arantxa Gurmendi

    Arantxa Gurmendi

Arantxa Gurmendi aktore gisa ezagutu dugu, batik bat. ETB1eko 'Goenkale' telesailean Hortentsi izan zen urte luzez, baina antzerkian eta zineman ere ibili zen bere garaian. Gainera, Ez Dok Amairu mugimenduaren dinamizatzaileetako bat izan zen aurretik, baita Bihurriak rock taldeko kide ere. Bizitza "oparoa" izan du, beti ibili da mila saltsatan, eta 2010ean diagnostikatu zioten bizitza hori mugatu zion gaitza: alzheimerra.

Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan elkarrizketatu du Arantxa Gurmendi Maite Artolak, Alzheimerraren Nazioarteko Egunean. "Gogorra da jakitea burua eta memoria galtzen zoazela", aitortu du. Memoria asko landu du bere bizitza osoan, eta, bat-batean, eguneroko bizitzako gauzak etengabe ahazten zitzaizkiola ohartzen hasi zen. Pascal Maragall Generalitateko presidente ohiak ere gaitz bera du, eta hari buruzko Bicicleta, cuchara, manzana dokumentala egin zuten 2010ean. Hura ikustean ohartu zen Gurmendi horixe zela berari gertatzen zitzaiona.

Gaitzaren mugak

"Independentzia galtzea eta norbaiten laguntza behar izatea oso gogorra egiten zait. Oso aktiboa izan naiz, eta, bat-batean, konturatzea ezin duzula hau eta bestea egin, norbait behar duzula laguntzeko… oso gogorra da", adierazi du Gurmendik. Ingurukoen jarrera "txalotzekoa" dela esan du, eta, batik bat, senarraren laguntza nabarmendu du. Dena dela, batzuetan, gehiegizko babesa sentitzen du, eta hori ere ez zaio samurra egiten.

Edonola ere, onartu du laguntza hori ezinbestekoa dela, Donostian bertan, ia bizitza osoan bizileku izan duen hirian, galdu egiten baita zenbaitetan. Hala eta guztiz ere, errekurtsoak bilatzen ditu berak: "Nik turista papera egiten dut Alde Zaharrean galtzen naizenean (…). Ez naiz gelditzen motz; aurrera ateratzea lortzen dut laguntza eskatuz".

Gaitza kenduta, osasuntsu dago Gurmendi, eta pena sentitzen du dagoeneko ezin dituelako gauza batzuk egin; aspaldi idatzi zuen film luzea gauzatu eta Donostian egin ohi den Lilatoia lasterketa antolatzen jarraitu, esaterako. "Bizi egiten zara, ongi zainduta zaude, baina ametsak gauzatzeko murriztuta sentitzen zara", aipatu du.

Alzheimerra pixkanaka garatzen joan zaio, eta zaila egiten zaio bereiztea zer den zahartzaroaren eragina eta zer alzeheimerrarena. Oheratzen denean, ariketak egiten ditu, eta aspaldiko gauzak erraz oroitzeko gai dela adierazi du; bezperan zer egin duen, baina, ahaztu egiten du. "Umorearen arabera", une batzuetan argiago dagoela esan du; beste batzuetan, ordea, lausotu egiten da. Horretan, hain zuzen ere, asko laguntzen dio AFAGI elkarteak, Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkarteak. Astean bitan joaten da hara, eta memoria lantzeko ariketak egiten dituzte. "Oso ongi pasatzen dugu, eta barre asko egiten dugu; hori oso osasungarria da", nabarmendu du Gurmendik.

Always Alice filmaren pasarte bat jarri diote 'Faktoria'n Gurmendiri. Julianne Moore aktoreak bertan dio ez dela sufritzen ari, borrokan dabilela, inoiz izan zen harekin lotuta jarraitzeko. Hori entzunda, aktore donostiarra oso identifikatuta sentitu da: "Oso ongi adierazten du nire sentimendua".