Itxi

Faktoria

Itziar Ituño Euskadi Irratian

"'Loreak' grabatzean, sentsazioa genuen film on bat egiten ari ginela"

'Faktoria' saioan elkarrizketatu dute 'Loreak' filmeko protagonistetako bat, Oscar sarietarako Espainiaren ordezkari izango dela jakin eta berehala. "Hunkituta" dagoela aitortu du aktoreak.

  • Itziar Ituño Faktoria saioan

    Itziar Ituño Faktoria saioan

Itziar Ituño oso pozik, albistea sinetsi ezinda, iritsi da Euskadi Irratiko 'Faktoria' saiora. Jakin berria zuen aho batez hautatu dutela Loreak filma Espainiaren ordezkari izateko Oscar sarietan. "Ez nuen imajinatuko hau inondik inora ere", esan du aktore bizkaitarrak.

Carlos Vermuten Magical Girl eta Gracia Querejetaren Felices 140 filmak zeuden Oscarretarako aurreaukeratuta Joxemari Goenagaren eta Jon Garañoren Loreak lanarekin batera, eta antzezle basauriarrak aitortu duenez, "ez dira aurkari errazak". Dena dela, honakoa erantsi du: "Grabatu genuenean sentsazioa genuen pelikula on bat egiten ari ginela, baina ez genuen espero honaino iritsiko ginenik". Mimo askorekin egindako lana dela azpimarratu du, "oso pentsatuta, gidoia asko zainduta", eta zuzendariak ere goraipatu ditu: "Oso onak dira".

Ituñok kontatu duenez, amaitu berri den Donostiako Zinemaldian elkartu zen Loreak filmeko lantaldea: "Komentatu genuen oso handia zela horraino iristea, aurrehautatua izatea, eta oso zaila zela hurrengo pausoa". Zaila bazen ere, lortu dute helburua, eta Hollywoodera bidean da film euskalduna. Euskarazko lan bat ez da sekula hain urrun iritsi, eta ingelesez egina ez dauden lanen artean onena izateko lehian sartzea du hurrengo helburua. Ituñok aitortu du "hunkituta" dagoela, "honek erakusten baitu hizkuntza ez dela oztopo istorio bat kontatzeko, ondo kontatzen bada".

Bere burua 2016ko otsailaren 26an Los Angelesko Kodak antzokian imajinatzen duen galdetuta, "zergatik ez?", esan du. "Egin dezagun amets. Hala bada, euskaraz egingo dugu han", erantsi du.