Itxi

Faktoria

Turismoa

Gaztelugatxeko turismo bulego berrian izan gara

Modako jomuga turistikoa bihurtu dira San Juaneko baseliza eta ingurua, besteak beste, Game of Thrones serie ezaguneko zenbait eszena bertan grabatu dituztenetik

  • 13:43 min
imagen player
imagen player
imagen player

Gaztelugatxera igotzeko bide zaharrean jarri du Bizkaiko Foru Aldundiak informazio gune berria, bisitarien eskakizunei erantzunez. Aste Santuan ireki ditu ateak egurrezko etxetxo baten itxura duen turismo bulegoak. Egia esan, bereziki inguru horretan jendetza ibili da egunotan. Sare sozialetan zabaldu den argazki batean ikusten den moduan, Gaztelugatxeko baselizarako eskaileretan jende ilara luzea osatu da. 'Faktoria' ere bertara gerturatu da, egun jendetsuenak pasata, lasaiago gaur. Soraya Sagardui bulegoko langileak esan digu Pazko Aste honetan ere etorriko dela jendea, baina asteburuan izan dutela lanik gehien. Estreinu ona izan du, beraz, bulegoak.

Bertako bisitari asko ibili da egunotan Gaztelugatxen, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak, batez ere, baita Madrilekoak eta Kataluniakoak ere, Sagarduik gaineratu digunez. Eta zer galdetzen dioten? Bada, automobila non aparkatu, zein bide hartu Gaztelugatxera igotzeko... Gainera, Lea Artibaiko ingurune osoa bisitatzeko aprobetxatzen dute bidaia turistek.

Gaztelugatxe modan dagoela baieztatu digu Sagarduik. Batetik, Game of Thrones seriearen errodajea bertan egin zutelako duela hilabete batzuk. "Eta oraindik ez dute estreinatu! Uztailean estreinatuko da. Pentsa uztailetik aurrera zer gertatuko den!". Telebistako arrakasta alde batera utzita, nabaritzen da Euskal Herria, orohar, modan dagoela eta nabaritzen dela, gero eta gehiago, jomuga turistikoa dela.

Aste Santuaz gain, udako denboraldirako, noski, eta baita, seguruenik, Gabonetarako ere, zabalduko dute Gaztelugatxeko turismo bulegoa.