Itxi

Faktoria

Mikel Irizar

'Ez dut indarrik pesimista izateko'

"Euskara eta euskalzaletasuna bizipozetik bizi behar dugu edo, ez da izango", esan du Gipuzkoako Diputazioko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza utzi berritan. Baikor da elkarlan giro berriarekin.

  • 24:39 min
imagen player
imagen player
imagen player

Egindako lanarekin "konforme" baina pilak gastatuta utzi du Mikel Irizarrek Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasun Zuzendaritza eta "birjubilatutakoan"  bizitzaren gurdia lasai gidatzea erabaki du - "beste erabaki askok errekak eramaten dituelako"-.  Fatima emaztearen ondoan egon nahi du, eta behar bezala zaindu: "41 urte egin ditut harekin eta beste 41ak ere hala egiteko asmoa daukat", esan du.

Beti jarraituko du, hala ere, euskararen militantzian. "Ni euskaraz naiz eta horri erantzuteak beti motibatzen nau. Obligazioa da baina oso gustora egiten dudan obligazio bat". Ezkortasuna sobran balu bezala bizi da Mikel Irizar eta euskarak ere jarrera hori behar duela iritzi dio. "Euskara eta euskaltzaletasuna bizi behar dugu bizipozetik, eta bestela ez da izango". Euskara hautua dela dio eta beti izango duela berarekin neke bat, aukera bat egin beharra. Baita euskaldun berrientzat ere. Horregaitik uste du aintzinako formulek ez dutela balio, argi geratu dela ikastea ez dela izan nahikoa. "Baldintza sozialak, laboralak, inguruak ez badute eskatzen hizkuntza hori erabiltzea, erosotasunak garamatza bestea, lehenengo hizkuntza, erabiltzera".

Alde horretatik, erakundeek testuinguru hori sortzeko duten erantzukizuna gogoratu du, eta obligazio horretan sortu den giro berria azpimarratu."Baldintza asko ari dira sortzen beste egoera batetara pasatzeko", esan du,  eta azkeneko Korrikan Santiago Zubian erakunde eta elkarteek egin zuten kilometro historikoa eta datorren udazkenean egingo den Euskaraldia jarri ditu adibide gisa. Hizkuntzaren aktibaziora bideratuta dago ekitaldi hori eta horixe da Irizarren arabera, hizkuntza politikak hemendik aurrera duen helburu eta erronka nagusia.