Itxi

Faktoria

Otegi eta Eguigurenekin

Txillarre, politika hizki handiz

'Faktoria'ko mikrofonoen aurrean, Txillarreren esanahiaz aritu dira Egiguren eta Otegi mahai horretan bertan. Diferentzien gainetik, denetaz hitz egiteko gaitasunaren sinbolo dela azpimarratu dute.

  • 48:04 min
imagen player
imagen player
imagen player

"Politika egin liteke hizki handiz eta hizki txikiz"; Arnaldo Otegirena da esaldia. Txillarreko mahaian errepikatu du gaur 'Faktoria'ko mikrofonoen aurrean. Eta bat egin du berarekin, ondotik, Jexux Eguigurenek: "Txilarrek badu esanahi bat": ezberdintasunen gainetik,  denari buruz hitz egin eta akordioak lortzeko gaitasunaren sinbolo bihurtu da Elgoibarko baserria, gure iragan gertukoa baldintzatu duten elkarrizketa historiko haien aterpe izan zena. Bertan elkartu ditu bi buruzagiak Maite Artolak, Pello Rubio anfitrioi zela.

"Politika bihurtu da superfiziala eta alderdiak sektarioak. Denak.  Horrek sortzen du politika kaxkarra, komunikabideek baldintzatuta egiten da politika eta ezin da ezer konpondu", iritzi dio Eguigurenek. "Politikoek izan behar dute gai", zehaztu du, "denetaz hitz egiteko eta aurrera egiteko". Eta eurek izan zuten gaitasun hori azpimarratu du Otegik gaineratuta euren artean ez zutela sekula sufrimenduaz hitz egin eurek: "Jesusek eta biok aski dugu elkar begiratzeko eta zer pasatu dugun jakiteko",  esan du. "Gertatzen dena da", gaineratu du, "gauza hauek publiko egiten direnean bakoitza hasten dela bere merkantzia saltzen eta dena izorratzen da".

Alderdiarekiko ere diskrezioz aritu zirela jakinarazi dute. Eguigurenenean ez zuten bukaera arte ezer jakin -"orduan molestia bihurtu nintzen"- eta Otegik pertsona batzuk bakarrik eduki zituen jakinaren gainean -"estruktura guztiak dira kontserbadoreak"-. Ez zutela gai politikoetaz hitz egiten zehaztu dute, ETAren amaiera ekarriko zuen metodoaren bilaketa izan zela eurena, eta jardun publikoan ez bezala, hitzak ez zirela arazo: "Jexuxek beti esaten zuen: "zuek xapo deituko diozue eta guk rapea", gogoratu du Otegik.

Garai zailak eta frustazioak ere ekarri dituzte gogora, Barajasko atentatua eta Suitzan elkarrizketak eten zirenekoa. "Irlandarrek han 'good luck' esan zidatenean, banekien kartzelera nindoala", esan du Otegik, eta Egigurenek gaineratu du, hango bitartekariek "gerrara itzuliko ginela bezala begiratu" zituztela. Nolanahi ere,  eta "ikusitakoak ikusita, pentsatzen genuen bukaerarik onena izan da", bukatu du buruzagi sozialistak.

18 urte pasa dira bidean.