Itxi

Faktoria

Eguneko efemeridea

Martin Luther King hil zutela 50 urte

1968ko apirilaren 4an hil zuten ekintzaile estatubatuarra.

  • Martin Luther King. Argazkia: EFE

    Martin Luther King. Argazkia: EFE

    3:30 min
imagen player
imagen player
imagen player

Gaur efemeridearen tartean, MARTIN LUTHER KING oroitu behar dugu, duela 50 urte hil zuten ekintzaile estatubatuarra.

Urtarrilak 15 zituela, duela 89 urte jaio zen Atlantan Martin Luther King. Familia protestante batean hezia, soziologia eta teologia ikasketak egin zituen lehenik, eta Filosofian doktore egin zen gero. Aitaren bideari jarraituz artzain baptista izendatu zuten 25 urterekin, eta Montgomeryko eliza baten kargu egin zen.

Gaztetatik aritu zen afroamerikarren eskubide zibilen alde. Hori nabarmendu du Mikel Aizpuru historialari eta Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen zuzendariak. Montgomeryn artzain zela, boikot batek egin zuen ezagun 1955ean. Lege segregazionistak urratu zituelakoan, Rosa Parks herritarra atxilotu zuten orduan, autobusean zihoan gizon zuri bati ez ziolako bere eserlekua utzi. Protesta modura autobusen kontrako boikota antolatu zuten Luther Kingek eta beste hainbatek, eta beltzen komunitate osoaren babesa izan zuen ekintzak.

Geroztik, hamarnaka protestatan parte hartu zuen, eta hogei alditan baino gehiagotan atxilotu zuten. Mahatma Gandi zuen eredu, eta haren ildotik, bide baketsua hautatu zuen beti. 1963an, amets bati lotuta egin zuen bere diskurtso ezagunenetako bat, Lanaren eta Askatasunaren Aldeko Martxan, 200.000 lagunen aurrean: "I have a dream". Berdintasuna, askatasuna eta justizia aldarrikatu zituen etorkizuneko neska-mutilentzat, zuri zein beltzentzat. Hitzaldiak txalo zaparrada eragin zuen bertaratuen artean, garai hartan etengabea baitzen beltzen aurkako jazarpena.

Urtebete geroago Nobel saria jaso zuen berdintasunaren alde eta segregazioaren kontra egindako borrokarengatik. Nobel saria jasotzeko hitzaldi horretan munduari gogorarazi zion bazterkeria, pobrezia, injustizia eta gerra arazo globalak zirela, eta ez Estatu Batuetakoak soilik.

Handik lau urtera, 1968ko apirilaren 4an, tiro batez hil zuten ekintzaile estatubatuarra, Memphiseko hotel bateko balkoian zegoela. Heriotza gazte heldu zitzaiola gogoratu du Aizpuruk, baina haren borroka eta kemena munduaren luze-zabalera iritsi direla. Mundua bihar bukatuko balitz ere, Luther Kingek zuhaitz bat landatuko luke gaur.