Itxi

Faktoria

10 egun pantailarik gabe

'Pantailek ez digute uzten aurrez aurreko harremanak izaten'

Ipar Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetan '10 egun pantailarik' gabe ekimena jarri dute martxan pantailetatik haratago mundua dagoela ikusarazteko.

  • 12:16 min
imagen player
imagen player
imagen player

10 egun pantailarik gabe bizitzeko gai izango ginateke? Desafio hori jarri zuten martxan pasa den maiatzaren 15etik 24ra Ipar Euskal Herriko eta Frantziako 30 ikastetxeetan, guztira 4.600 haur. Aisialdirako diren pantailak baztertu dituzte, lanerako beharrezkoak ez diren horiek, alegia. Eneko Jorajuria izan da ekimen honen bultzatzaile nagusia, bera Urruñako San Frantzisko Xabier ikastetxeko irakaslea da, eta 'Faktoria'n azaldu duenez, desafio horren helburua hausnarketa bultzatzea da, pantailen bitartez ohitura onak ala txarrak ditugun antzemateko.

Desafioa aurrera eramateko, puntu sistema bat jarri dute; zenbat eta pantaila gutxiago erabili, orduan eta puntu gehiago lortuko dituzte haurrek. Bestalde, tentazioak alde batera uzteko, ekintza alternatiboak sortu dituzte hamar egun hauetarako. Ekintza horiek erabakitzen lau hilabete daramatzate, eta umeak dira zer egin nahi duten erabaki dutenak.

Gainera, ekimena modu onean egiteko beharrezkoa da familiaren inplikazioa, eskolaz kanpoko orduetan ere konpromezua bete dezaten. Lankidetza egin dute eskola eta familien artean, eta azken horiek oso pozik hartu dute parte, etxeko bizitzan laguntzen duelako.

Enekoren arabera, pantailek ez gaituzte uzten aurrez aurreko harreman egokiak izaten eta halaber pantailarik gabe ikusten da ondokoarekin gauza asko egin daitezkeela. Orain arte oso balantze positiboa egin du sortzaileak, gauza bikainak lortu dituzte eta.