Itxi

Hiri Gorrian

Itxaso Mendiluze

Nondik Nora: Munduko metro geltoki ikusgarrienak

Itxaso Mendiluzek astero ekarriko dizkigu munduko hiriburuak ezagutzeko proposamenak. Oraingo honetan, munduko metro geltoki ikusgarrienen zerrenda ekarri digu.

  • 7:26 min
imagen player
imagen player
imagen player

Hiri handietan mugitzeko garraio ohikoena da metroa. Uda aldean batez ere, turistaz betetzen dira metro geltokiak. Hortaz, munduan zehar dauden zenbait metro geltokiren errepasoa egingo dugu, bertan ikusi daitezkeen arte interbentzioei erreparatuz.

Lehenik eta behin, Lisboako Olaias geltokia aipatuko dugu. Tomás Taveira arkitektoak diseinatu zuen eta 1998an ireki zuten. Bertan, zenbait artistaren obrak ikus daitezke, besteak beste, Taveira, Cabrita Reis, Pedro Calapez edo Rui Sanchez.

Metro Lisboa

Lisboatik Parisera goaz, Arts et Métiers geltokira. Geltoki honetatik gertu, izen bereko museoa dago, eta bere 200. Urteurrenean (1994), metro geltokia berritu zuten orain duen itxura emanaz. Diseinua François Schuiten komikigile belgikarrarena da, eta Steampunkaren -lurrun-teknologia goraipatzen duen korronte estetikoa- eredu bikaina da. Julio Verneren zientzia fikziozko eleberriei omenaldia da, eta kobrezko urpekari baten barruan gaudela itxura hartzen du, leihatila borobil eta guzti.

Metro paris

Urpekarian gaudela aprobetxatuz, itsasoarekin zerikusia duen beste geltoki batera egingo dugu jauzi. Izan ere, Napoleseko Quarteri Spagnoli geltokiak itsasoko ura du gaitzat. Oscar Tusquet arkitekto katalanaren diseinua da. Sarreran, krater sakon bat dago, zoru guztiak pasa eta kalera iristen dena, eguzkiaren argia ukitzeraino. Gainerakoan, argi-jolasak eta kolore urdinek urpeko bista simulatzen dute.

Metro napoles

Budapesteko Szent Gellert metro zuloa dugu hurrengoa. 2014ean zabaldutako metro geltoki honetan, gaur egungo teknologiaren errepresentazio bitxia egin zuen Tamás Komoróczky artistak. ?Geltoki pixelatua? deitu izan dute, izan ere, horma guztiak puntu txikiz beterik daude, irudi bat pixelatzen deneko sentsazioa lortuz.

Metro Budapest

Baina koloreak nahi izanez gero, Taiwaneko Kaohsiung hiriko Formosa Boulevard (2009) geltokia ezinbestekoa da. Argiaren kupula deritzon pieza nagusia da bertan. Narcissus Quagliata artista italiarrak egina, 30 metroko diametroa du eta 2.180 metro karratu biltzen ditu kupula honek. Munduan den kristalezko egitura handiena da, eta benetan ikusgarria dela esan digu Itxaso Mendiluzek.


Metro Taiwan

Baina ez gara kolore eta etorkizun teknologikora bakarrik mugatuko. Izan ere, gaur eguneko errealitatea ikusita arraro bada ere, bazen garai bat non Ukrania eta Errusiaren arteko erlazioa egungoa baina hobea zena, eta horren eredu da Moskuko Kiyevskaya geltokia (1954). Berau diseinatzeko lehiaketa Ukranian egin zen, eta E.I. Katonin, V.K. Skugarev eta G.E. Golubev-ek osatutako taldeak irabazi zuen. Barroko estiloan eraikia da, eta horman, badira zenbait mural. Adibiderako bata Pushkin idazle errusiak Ukraniara egindako bidaiaz, Poltavako guduaz beste bat, eta baita, Lenini eskainitako mural handi bat. Marmolak ere garrantzia handia du geltoki osoan, eta baita armiarma lanparak eta bestelako elementu barrokoek ere.

Moskuko metroa | Metro de Moscu

Bukatzeko, Estokolmoko metroa aipatzea ezinbestekoa da. Bertan, 150 artista baino gehiagoren muralak, eskulturak, margoak? Esan daiteke lurpeko museorik luzeena dela, eta bertarako bisita gidatuak ere egiten dituzte.

Estokolmo metroa | Metro Estocolmo