Itxi

Irratia

Saria

Jazzargia elkarteak Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearen sari berezia jasoko du

A.E.|EiTB

Joseba Cabezas Radio Vitoriako lankidea bultzatzaile duen Jazz Uhinak Hirian Barrena ekimenarengatik nabarmendu dute.

Radio Vitoriako Joseba Cabezas lankideak gidatzen duen Jazzargia Kultura eta Musika Elkarteak EHMBE (Euskal Herriko Musika Bulego Elkartea) sari berezia jasoko du Jazz Uhinak Hirian Barrena ekimenarengatik. Jazza jendartera hurbiltzea da hain zuzen ere ekimenaren asmoa.

Epaimahaiak, Jazzargiak proiektu honekin 12 urtetako ibilbidean egin duen zabalkunde eta sustapena lana nabarmendu du. 5.000 lagun pasatzen dira urtero ziklo hauetatik eta 500 musikari, berriz, Jesus Guridi Kontserbatorioko agertokitik. Halaber, zuzenean lau disko grabatu dituzte eta bertan bildutako dirua gobernuz kanpoko erakundeentzat izan da.

Jazz uhinak hirian barrena/Ondas de jazz en la ciudad ekimena Gasteizentzat apustu sendoa da eta etorkizun handia du aurretik. Jazzargiaren proiektua, Gasteizko Udalaren eta Jesus Guridi Kontserbatorioaren laguntzaz, 2006tik dago abian. Programaren helburuak jazzaren historia eta protagonistak ezagutzera eman eta jakin mina duen guztiari jazza hurbiltzea da. Horretarako saio monografikoak egin dira: garaiak, estiloak, musika tresna garrantzitsuenak, teknikak, ahotsa, taldeak eta konpositore esanguratsuei buruzkoak, besteak beste. Radio Vitoriak ere jartzen du bere alea ekimen honetan, zikloaren barruan eskainitako kontzertuak emanez.

Aurten, Jazzargiarekin batera, honako hauek jasoko dituzte sariak: Ramon Lazkanok Festival d´Automne à Paris-Portrait zuzeneko lanarengatik; Zuhainpeko soinua-Ahozko transmisioa ikuskizunak; Elena Setienek Dreaming of earthly things diskoarengatik; Juan Ortizek Winter tales diskoarengatik, eta Ruper Ordorikak Guria ostatuan diskoarengatik. Bestalde Berri Txarrak taldearentzat Musikaren Etxeparen saria izango da.

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak Musika Bulegoa Sariak 2017 banatuko ditu datorren asteazkenean, Donostiako Musikenen, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB