Itxi

Beste kirolak

BASQUE ULTRA TRAIL SERIES

Bilbao-Gasteiz, zirkuituko lehen proba

eitb.eus

Hego Euskal Herriko lau hiriburuak mendiz mendi lotu ondoren, Bizkaiko hiriburuan bukatuko da, urriaren 8an.

Guztira 159 partaide abiatuko dira ostiralean, hilak 24, gaueko hamabietan, Arriaga antzokiaren aurrealdetik, eta, Alde Zaharra zeharkatu ondoren, mendian barneratuko dira proba gogor honi ekiteko. Lehen egunean 110 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, muturreko baldintzetan, eta korrikalariek 26 ordu izango dituzte Arabako hiriburura iristeko.

Neguko baldintzak, gaua, bakardadea, distantzia bera, 10.500 metroko desnibel metatua eta, besteak beste, Ganekogorta eta Gorbeia mendien tontorrera igo beharra, horiek izango dira parte-hartzaileek gainditu behar ditzuten oztopo nagusiak.

Proban parte hartzeko izena eman dutenen artean, Trail Runningeko izen nabarmenak daude: Nuno Silva portugaldarra, Silvia Trigueros, Jon Erdaide, Arkaitz Galíndez eta Agurtzane Argiarro bizkaitarrak, Imanol Aleson, Pedro Etxeberria eta Carlos García Redondo gipuzkoarrak, eta Dani Aguirre eta Nerea Martínez nafarrak.

Irteeraz gain, Bilbok Mendiko Hiria hartuko du aurreko bost egunetan. Karpa horretan, mendiko lasterketen inguruko azoka txiki bat, hitzaldiak, slackline erakustaldia eta tailerra eta beste hainbat jarduera izango dira proba izango den berean.

Bilbo eta Gasteiz artekoa BUTS (Baque Ultra Trail Series) zirkuituko lehen proba da. Hego Euskal Herriko lau hiriburuak mendiz mendi lotu ondoren, Bizkaiko hiriburuan bukatuko da, urriaren 8an.