Itxi

Beste kirolak

Golfa

Jon Rahm, Europako Zirkuituko urteko hasiberri onena

Agentziak | Erredakzioa

Munduko zerrendan bosgarren dagoen Barrikako jokalariaren merezimenduen artean dago joan zen uztailean Irlandako Irekian erdietsitako garaipena.

  • Jon Rahmek Dubain jaso du saria. Argazkia: EFE

    Jon Rahmek Dubain jaso du saria. Argazkia: EFE

Jon Rahm golf-jokalari bizkaitarrak Europako Zirkuituko (EPGA) urteko debutari onena aintzatesten duen Sir Henry Cotton saria jaso du astearte honetan, Dubain. Izan ere, herrialde horretan jokatuko dute DP World Tour Championship txapelketa azaroaren 16tik 19ra bitartean.

Keith Pelley EPGAko zuzendari betearazleak eman dio golardoa 23 urteko Barrikako jokalariari. "Ez dago Sir Henry Cotton saria jasotzeko pertsona egokiagorik. Aurten izan duen goranzko ibilbide geldiezinak, denboraldiko istoriorik nabarmenetakoa izan da", adierazi du Pelleyk.

Rahm, bere aldetik, oso pozik agertu da saria jasotzearekin. "Atsegin handia da golardo hau irabaztea. Benetan sentipen berezia da, ezen uste hasieran, ez bainintzen zirkuituko kide ere. Ez ditut gainbegiratu izendapen hau eskuratu duten jokalari guztien izenak, baina ziur nago izen handi asko direla tartean", azaldu du, irribarretsu.

Munduko sailkapenean bosgarren dagoen jokalariaren merezimenduen artean dago, besteak beste, joan zen uztailean Irlandako Irekian erdietsitako garaipena.

Jose Maria Olazabal hondarribiarrak sari bera irabazi zuen 1986an.