Itxi

Beste kirolak

MAITZAREN 27AN

Zegama-Aizkorri, Mendi Lasterketen Munduko Txapelketarako puntuagarri

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Mendi maratoian izena emateko epea astelehenean irekiko da, eta 500 parte-hartzailek bakarrik parte hartu ahal izango dute.

  • Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Argazkia: EiTB

    Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Argazkia: EiTB

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren XVII. edizioa 2018ko Mendi Lasterketen Munduko Txapelketarako (Migu Run Skyrunner World Series) puntuagarria izango da.

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren ibilbidea Aratz mendigunetik eta Aizkorri mendilerrotik barrena igaroko da, Euskadiko gain garaienetako lau barne hartuta (Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri). Guztira 42 kilometroko ibilbidea eta 5.472 metroko desnibela gainditu beharko dute lasterketan parte hartuko duten kirolariek.

Kirolari horien kopurua 500 lasterkarira murriztuko da. Antolatzaileek 150 dortsal gordeko dituzte bere konpromisoetarako, eta beste 125 aurreko urteetan lasterketan jardun duten korrikalarientzat izango dira, baita azken bi urteetan denborarik onenak eskuratu dituztenentzat ere.

Alberto Ayerbe Amezti Mendi Elkarteko bozeramaileak jakitera eman duenez, aurten bigarren urtez jarraian, Kilometro Bertikala egingo dute. Hiru kilometro izango ditu, 1.015 metroko desnibelarekin, eta maiatzaren 25ean jokatuko da Zegaman, 200 parte-hartzailerekin. Proba hori ere Munduko Txapelketarako baliagarria izango da.