Itxi

Beste kirolak

Atletismoa

Martin Fiz, maratoi munduko sei nagusiak irabazi dituen lehen kirolaria

Erredakzioa

Gasteiztarra da munduko sei maratoi garrantzitsuenak irabazi dituen atleta bakarra.

  • Martin Fiz. Argazkia: EiTB

    Martin Fiz. Argazkia: EiTB

Martin Fizek garaipena lortu du igandean Londresko Maratoian, beteranoen mailan. Ondorioz, munduko sei maratoi garrantzitsuenak, "majorrak", irabazi dituen 50 urtetik gorako lehen kirolaria da gasteiztarra.

2017. urtean sei 'major' horietako bost irabazi zituen atleta bakarra izan zen. Igandean, 55 urterekin, garaipena lortu du Londresen, beteranoen mailan. Duela hiru urte hasi zuen erronka osatu du horrela Martin Fizek. 2015. urtean, New Yorkeko maratoia irabazi zuen 2 ordu, 34 minutu eta 33 segundoko marka eginez. 2016. urtean, Tokion, Bostonen eta Berlinen nagusitu zen. 2017. urtean, Chicagon irabazi zuen, eta bigarren izan zen Londresko maratoian, bera baino bi urte gazteagoa zen Mohamed El Yamaniren atzetik.

Munduko sei maratoi garrantzitsuenak "World Marathon Majors" izenarekin ezagutzen dira, eta Tokion, Bostonen, Berlinen, Chicagon, New Yorken eta Londresen egiten dira. Fiz maratoiko munduko txapelduna izan zen Göteborgen 1995ean, Iberoamerikako txapelduna 3.000 metroko oztopodun proban Mexikon 1988an, eta maratoiko Europako txapeldun Helsinkin 1994an.

Bere ibilbidean lortutako garaipenen ondorioz, Kirol Merituaren Urrezko Domina eman zioten 1996an, eta 1997an Kiroletako Asturiasko Printzearen Saria jaso zuen. Orain, beste titulu bat gehitu du bere bildumara; munduko sei 'majorrak' irabazi dituen historiako atleta bakarra izatearena.