Itxi

Alaves

1-0

Alavesek bederatzi jokalarirekin lortu du garaipena Gironaren aurka

Agentziak | Erredakzioa

Arabako taldeak 1-0 irabazi du Mendizorrotzan Julik sartutako gol bati esker. Epaileak Alaveseko Einar eta Dani Pacheco egotzi egin ditu, baina garaipena etxean geratu da.

  • Juli, Alaves. Argazkia: EiTB

    Juli, Gironari sartutako gola ospatzen. Argazkia: EiTB

Alavesek garaipen baliotsua lortu du Gironaren aurka (1-0) Mendizorrotzan eta Adelante Ligako sailkapeneko goialdean kokatu da berriro. Partida ireki eta garbia izan den arren, epaileak 12 txartel horia eta 3 txartel gorri atera ditu.

Arabako taldeak bederatzi jokalarirekin bukatu du norgehiagoka eta Gironak, hamarrekin. Areces Franco epaileak Alaveseko Einar erdiko defentsa egotzi du 27. minutuan, txartel horia bikoitzarekin eta 69. minutuan, Dani Pachecok ere bigarren txarel horia ikusi du. Ondoren, Gironako Mata jokalariak bigarren txartela jaso du, denbora galdu eta baloia aldentzeagatik.

Etxeko taldea partidan aurrea hartzeko gai izan da epailearen txartel festa hasi baino lehen. Julik, 17. minutuan, bikain errematatu du Toqueroren erdiraketa eta Alavesek aurrea hartu du markagailuan. Ondoren, 27. minututik aurrera, hamar jokalarirekin jokatu du Arabako taldeak.

Bigarren zatian oraindik zailago jarri zaio partida Alavesi Dani Pacheco egotzia izan baita eta bederatzi jokalarirekin geratu bait dira, amaierarako 19 minutu falta zirenean. Girona ere, ordea, jokalari bat gutxiagorekin geratu da.

Talde bata bederatzi jokalarirekin eta bestea hamarrekin geratu ostean, joko gutxi ikusi ahal izan da Mendizorrotzako berdegunean. Azkenean, etxeko taldeak emaitzari eustea lortu du, eta hiru puntuak eskuratu ditu.

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: F. Pacheco, Carpio, Einar, Pelegrín, Raúl García, Femenia (Estrada, 61. min), Manu Garcia, Mora, D. Pacheco, Juli (Beobide, 68. min), Toquero (Borda, 90. min).

0 - Girona: Becerra, Lejeune, Alcala, Olivas (Sebas, 68. min), Aday, Pere Pons, Granell, Borja, Pol Llonch (Javi Alamo, 46. min), Mata, Felipe (Jairo, 62. min).

Gola: 1-0, 17. min: Juli.

Epailea: Areces Franco.

>Areces Franco.