Itxi

Alaves

0-2

Alavesek porrota jaso du Bartzelonaren aurka

Erredakzioa

Arabako taldeak 0-2 galdu du Mendizorrotzan. Pachecok penaltia gelditu dio Messiri, baina argentinarrak sartu ditu Barçaren bi golak.

  • Alaves-Bartzelona. Argazkia: EFE

    Manu Garcia eta Messi, Alaves-Bartzelona partidan. Argazkia: EFE

Alavesek 0-2 galdu du Bartzelonaren aurka Mendizorrotzan eta bigarren porrota jarraian jaso du Ligan. Arabako taldea punturik eskuratu gabe iritsi da Ligaren lehen geldialdira.

Neurketa Romeroren falta jaurtiketa on batekin hasi da, eta Alavesek gogotsu ekin dion arren, azkar egin da baloiaren jabe Bartzelona. Kataluniako taldea jaun eta jabe izan da, baina ez du abagune argirik sortu. Deulofeuk bi saiakera egin ditu area kanpotik, baina Pacheco atezainak arazorik gabe erantzun die. Neurketako 32. minutuan oso abagune argia izan du Alavesek; Ter Stegen atezainak, ordea, bikain eragotzi du gola Sobrinori buruz-burukoa irabazita. Barçak nagusi izaten jarraitu du, eta 38. minutuan epaileak Valverdek zuzentzen duen taldearen aldeko penaltia adierazi du, ustez Elyk Piqueri egindako falta batengatik. Messik egin du penalti jaurtiketa eta Pachecok gola eragotzi du gelditu bikaina eginda.

Bigarren zatia hasi bezain laster gola sartzeko aukera ona izan du Alavesek, baina Manu Garcia ez da gutxigatik errematera iritsi Sobrinoren erdiraketaren ostean. Hurrengo jokaldian Bartzelonak erantzun du kanpora joan den Messiren jaurtiketa baten bitartez eta 55. minutuan Messik berak sartu du 0-1ekoa. Argentinarrak ondo baliatu du Jordi Albak emandako pasea. Bartzelonak bigarren gola sartzeko abagunea izan du 64. minutuan, baina Albak langa gainetik kanpora bidali du boleakada. Norgehiagokako 66. minutuan huts galanta egin du Alexisek defentsan eta Messik 0-2koa sartu du. Bigarren gola jaso ostean Alavesek aldeak murrizteko aukera izan du, baina Burguik ez du asmatu errematea egiterakoan. Ia jarraian, langan jo du Messiren jaurtiketak. Luis Zubeldia entrenatzailea saiatu da taldeari beste bizitasun bat ematen aldaketak eginda, baina Alaves ez da gol aukerak sortzeko gai izan, eta hiru puntuak Barçak eskuratu ditu.

Fitxa teknikoa:

0 - Alaves: Pacheco; Vigaray, Ely, Alexis, Pedraza; Manu Garcia, Tomás Pina; Ibai (Burgui, min. 67), Wakaso (Enzo Zidane, min. 78), Romero; y Sobrino (Santos, min. 78) .

2 - Bartzelona: Ter Stegen, Aleix Vidal (Alcacer, min. 56), Piqué, Umtiti, Jordi Alba; Rakitic, Busquets, Iniesta; Deulofeu (Denis Suárez, min. 70), Messi y Sergi Roberto.

Golak: 0-1, m.55: Messi. 0-2, m.66: Messi.

Epailea: Del Cerro Grande.

l Cerro Grande.