Itxi

Alaves

Larunbatean, 13:00etan

Alavesek jaitsierako postuak atzean utzi nahi ditu Getaferen aurka

Agentziak | Erredakzioa

Espanyolen aurkako partida irabazi eta defentsa-lanetan hobekuntza erakutsi ostean, gasteiztarrak salbaziotik bi puntura daude.

  • Getafe eta Alaves aurrez aurre izan ziren Kopako kanporaketako joaneko partidan. Argazkia: EFE

    Getafe eta Alaves aurrez aurre izan ziren Kopako kanporaketako joaneko partidan. Argazkia: EFE

Alaves eta Getafe Alfonso Perez zelaian nor baino nor ariko dira larunbat honetan, ligako 12. jardunaldian, bakoitza bere helburuarekin: lehenek jaitsierako postuetatik aldendu nahiko dute; bigarrenek, sailkapenean aurrera jauzi egitea.

Madrildarrak oso sasoiko daude, eta zenbait partidetako azken minutuetan izan duten kontzentrazio faltagatik izango ez balitz, euren burua hamabigarren postuan baino gorago ikusiko lukete sailkapenean. Horrenbestez, Alavesen aurka jokoan dauden hiru puntuek beste xede batzuetara begira jartzeko balio izan diezaiokete talde urdinari.

Bordalesek ia jokalari guztiak ditu gertu deialdia eta hamaikakoa osatzeko, Gaku Shibasaki japoniarra besterik ez baitago lesionatuta, eta Dani Pacheco da zalantza bakarra dena.

Alavesek, bere aldetik, jaitsiera postuak atzean utzi nahiko ditu, aurreko jardunaldian Espanyolen aurkako partida irabazi eta defentsa-lanetan hobekuntza erakutsi ostean; izan ere, 8 puntu dituen Eibarrengandik bi puntura bakarrik daude.

Gianni De Biasi italiarrak defentsara begirako jarrera ezartzea lortu taldearen pentsamoldean, 5-3-2ko taktikan oinarritutakoa, eta buruhauste bat baino gehiago eragin die aurkariei.

Litekeena da gasteiztarren entrenatzaileak hamaikako errepikatzea, atea hutsean gorde eta Getaferen etxetik gutxienez punturen bat eskuratzeko asmoarekin, Errege Kopako kanporaketako joaneko partidan egin zuten bezala (0-1).

De Biasik ezin izango ditu erabili sendatze-bidean dauden Victor Laguardia eta Hector Hernandez, eta deialdiaren barruan hamazortzi jokalari sartzea erabaki du. Zerrendatik kanpo geratu dira, beste behin, Ruben Sobrino, Aleksandar Katai, Ruben Duarte, Oscar Romero eta Enzo Zidane.

Balizko hamaikakoak

Getafe: Guaita; Damián Suárez, Cala, Djené, Antunes; Arambarri, Markel Bergara; Fajr, Portillo, Amath; Jorge Molina.

Alaves: Pacheco; Vigaray, Alexis, Ely, Diéguez, Pedraza; Manu García, Medrán o Pina, Wakaso; Munir, Santos.

Epailea: Santiago Jaime Latre (Aragoiko batzordea).

Zelaia: Coliseum Alfonso Pérez.

Ordua: 13:00etan.