Itxi

Alaves

Kopako final-zortzirenak

Alavesek ez du ezustekorik nahi Formenteran

Agentziak | Erredakzioa

Gasteiztarrek Errege Kopako final-zortzirenetako joaneko partida jokatuko dute gaur Formenteraren aurka, 19:00etan.

2:00

Alavesek Errege Kopako final-zortzirenetako joaneko partida jokatuko du gaur Formenteraren aurka, 19:00etan, Sant Francesc Udal Estadioan.

Hartara, emaitza positibo bat eskuratzeko asmoz doaz gasteiztarrak Balearretara, bueltako norgehiagokari abantailarekin heldu ahal izateko, oroitzapen onak ekartzen dizkien lehiaketan, joan zen urtean finalera heltzea erdietsi ostean.

Abelardo Fernandez babazorroen entrenatzaileak jokalari gehiago izango ditu erabiltzeko moduan, min hartuta zeuden zenbait sendatu egin baitira. Horrenbestez, aldaketak egingo ditu lerro guztietan, besteak beste, Antonio Sivera atezain gaztea.

Entrenatzaile asturiarrak 16 jokalariko deialdia osatu du, eta hasierako hamaikakoetan hain ohikoak ez diren jokalariei emango die aukera. Egoera horretan daude Ruben Sobrino eta Rodrigo Ely sendatu berriak, baita harrobiko zenbait jokalari ere.

Izan ere, Gasteizen geratu dira Alexis Ruano, Burgui, Alfonso Pedraza edota Tomas Pina jokalariak, eta haien lekua hartu dute bigarren taldeko fitxa duten Dieguez, Victor eta Demirovic jokalariek.

Gasteiztarrak Getafe atzean utzi eta gero helduko dira norgehiagokara (0-1, Madrilen; 3-0, Gasteizen).

Bere aldetik, etxeko taldeak moralez beteta eta aurreko kanporaketan Athleticen aurka egindako balentria Alavesen aurrean errepikatzeko gai direla sinetsita ekingo dio lehiari.

Horretarako, baina, 3.000 zale hartzeko prest dagoen bere zelaian aldeko emaitza lortu beharko du, kanporaketa Mendizorrotzara bizirik hel dadin.

Alavesen aurrean, Garcia Sanjuan Formenterakoen entrenatzaileak ezin izango ditu lesionatuta dauden Kinsgley Fobi eta Dailos Tejera jokalariak erabili, eta zalantza izango dira azken unera arte Maikel Romero eta Joseba Garmendia.

Formenterak lehen aldiz ari da Bigarren B mailan jokatzen, eta hamargarren postuan dago maila horretako III. multzoan, 25 punturekin.

Balizko hamaikakoak:

Formentera: Marcos, Bonilla, Agus, Rosa, Samu, Crespo, Omar, Nando, Juan Antonio, Garmendia o Muñiz eta Riera.

Alaves: Sivera; Martín, Ely, Maripán, Diéguez; Wakaso, Torres; Ibai, Medrán, Demirovic o Sobrino eta Bojan.

Epailea: Alejandro José Hernández Hernández

Zelaia: Estadio Municipal de Sant Francesc

Ordua: 19:00.