Itxi

Alaves

KOPAKO FINAL-LAURDENAK

Alavesek galdu egin du, baina kanporaketa Mendizorrotzan erabakiko da (2-1)

ERREDAKZIOA

Gasteiztarrak aurretik jarri dira markagailuan bigarren zatiaren 60. minutuan Sobrinok sartutako gol bikain baten bidez, baina etxekoak markagailua iraultzeko gai izan dira.

  • Hernan Perezek baloia  zutoinera jaurti duen unea. Argazkia: EFE

    Hernan Perezek baloia zutoinera jaurti duen unea. Argazkia: EFE

Alavesek porrota jaso du asteazken honetan Valentziaren aurka jokatu duen Kopako final-laurdenetako joaneko norgehiagokan, nahiz eta partidan aurretik jarri den Ruben Sobrinok areaz kanpotik lortutako gol aparta dela medio. Aitzitik, etxekoek buelta eman diote markagailuari Guedesen eta Rodrigoren golen bitartez.

Gasteiztarrek primeran ekin diote partidari, hasierako bost minutuetan bi aukera garbi izan baitituzte. Bigarren minutuan, Alavesek egindako kontraeraso batean Ruben Sobrinok, oso posizio behartuan, ez du asmatu atezainaren aurrean baloia behar bezala gurutzatzen.

Handik gutxira, bosgarren minutuan, Hernan Perezek jaurtiketa aparta egin du areaz kanpotik, eta baloia zutoinera joan da Valentziako atezaina gaindituta zegoenean.

Hasierako tarte horretan sufritzen ibili ostean, etxekoak baloiaren jabe egin dira, eta urrunetik egindako jaurtiketen bidez saiatu dira arrisku eramaten Antonio Siveraren atera. Kongdobiak egindakoari ondo erantzun dio Alavesen atezainak, eta Guedesena kanpora joan da zutoinaren albotik. Dena dela, Alavesek berearekin jarraitu du: atzean sendo eutsiz eta ahal zuenean kontraeraso azkarrak eginez.

Norgehiagoka lehiatua izan da tarte horretan, eta, erlojuak ordu erdia bete duenean, Alavesek Guidettik zuzendutako kontraeraso baten bitartez, aukera oso garbia izan du markagailuan aurretik jartzeko, baina Jaume Domenech valentziarren atezainak esku aparta jarri dio Hernan Perezen jaurtiketa bortitzari.

Ordutik eta atsedenaldira heldu arte, jokoa apur bat nahasi da, eta ez da azpimarratzeko moduko jokaldirik egon.

Bigarren zatiaren hasieran etxekoak indartsuago eta asko presionatuz atera dira, eta Alavesi asko kostatu zaio baloiari eustea. Berea izan da baloia, eta Luciano Vietto gola egiteko zorian egon da bere taldearentzat 60. minutuan, berak jaurtitako baloiak Alexisen gorputzean jo eta ozta-ozta kanpora joan denean.

Alabaina, gasteiztarrak izan dira gola lortzeko gaitasuna azaldu dutenak, Ruben Sobrinok 66. minutuan 40 metro ingurutik  egindako izugarrizko jaurtiketaren bidez.

Euren buruak markagailuan atzetik ikusteak, are gehiago piztu ditu etxekoak, eta partida berdindu duen gola handik gutxira etorri da, 77. minutuan. Guedesek eskuin hegaletik aterantz astindu du baloia, baina Sivera atezaina ez da batere ondo aritu baloia geratzeko orduan, eta pilota barrura sartu zaio.

Etxekoak indarberritu egin dira, eta ekinean jarraitu dute. Orduan etorri dira Alavesen unerik zailenak; izan ere, gola jaso eta lau minutura hamar jokalarirekin geratu da taldea, epaileak bigarren txartel horia erakutsi baitio Dieguezi.

Valentziak bultza eta bultza jarraitu du Alaves bere area barruan egotera behartzeraino. Hala batean, Santi Minak pase ona eman dio lerro artean Rodrigo aurrelariari, eta area ertzetik bortitz jo du baloia eta sare barrura sartu zutoinean jo ostean.

Azken minutuetan, valentziarrak hirugarrena egiten saiatu dira, baina ez dute besterik lortzerik izan, eta, horrenbestez, datorren astean Mendizorrotzan erabakiko da kanporaketa.

Fitxa teknikoa

Valentzia 2: Jaume, Montoya, Garay, Gabriel, Gayà; Kondogbia, Parejo, Andreas Pereira (Rodrigo, 59. min), Guedes; Zaza eta Vietto (Santi Mina, 71. min).

Alaves 1: Sivera, Martín, Alexis, Maripan, Dieguez; Tomás Pina, Wakaso (Pedraza, 68. min), Hernán Pérez Ibai Gómez, 76. min), Dani Torres; Guidetti (Munir, 62. min) eta Sobrino.

Golak: 0-1, 66. min: Rubén Soriano. 1-1, 73. min: Guedes. 2-1, 82. min: Rodrigo.

Epailea: Jose Luis González González. Txartel horiak atera dizkie Guedes, Kondogbia eta Santi Minari Valentziako jokalariei, baita Pina eta Dieguezi ere (Alaves), azken horri bi atera dizkio eta kaleratu egin du 77. minutuan.