Itxi

Alaves

Mendizorrotzan, 21:30ean

Alavesek eta Levantek partida erabakigarria dute gaur

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrek etxeko bolada onari eutsi nahi diote, non ez duten norgehiagokarik galdu Abelardo entrenatzaile denetik.

  • Lehenengo itzulian Alaves gailendu zen Levanteren etxean. Argazkia: EFE

    Lehenengo itzulian Alaves gailendu zen Levanteren etxean. Argazkia: EFE

Alavesek eta Levantek berebiziko garrantzia duen norgehiagoka jokatuko dute gaur (21:30), Mendizorrotzan, Lehen Mailari eusteko bidean, Ligako 26. jardunaldiaren barruan.

Babazorroak etxean daramaten bolada garaileari jarraipena ematen saiatuko dira. Bernaubeun Madrilen kontra jasotako azken porrotak (4-0) ez du Abelardoren mutilen asteko lanean eragin, eta aldarte onarekin ibili dira.

Munir El Haddadi Alavesen hasierako hamaikakora bueltatuko da, joan zen jardunaldia zigortuta egon ostean. Horrenbestez, entrenatzaile asturiarrak jokatzeko moduan izango ditu bere jokalari gehienak, lesionatuta dabilen Carlos Vigaray eta sasoiko jartzeko lanetan ari den Hector Hernandez izan ezik.

Madrilen aurkako norgehiagokan min hartu zuten Hernan Perez paraguaitarrak eta Alfonso Pedrazak normaltasunez entrenatu dute astean zehar eta, esan bezala, Levanteren aurka aritzeko gertu egongo dira.

Hartara, Abelardok Mendizorrotzan ohikoa duen hamaikakoa plazaratuko du, itxura guztien arabera.

Asteazken honetan bota duen elurtea ere ez da arazo bihurtuko lehia joka dadin, Alaveseko langileek futbol-zelaia garbitu baitute.

Aurkarien aldetik, Levantek denboraldi osoko boladarik gaiztoenean egingo dio aurre Gasteizeko neurketari; izan ere, hamahiru jardunaldi jarraian pilatu ditu garaipenik lortu gabe, eta Bigarren Mailara jaisteko postuetatik puntu bakarrera dago.

Muñizek zazpi jokalari utzi beharko ditu deialditik at, jokalari guztiak baititu erabiltzeko moduan.

Balizko hamaikakoak:

Alaves: Pacheco; Martín, Laguardia, Ely, Duarte; Ibai Gómez, Pina, Manu García, Pedraza; Munir eta John Guidetti.

Levante: Oier; Coke, Postigo, Rober, Luna; Lerma, Lukic, Campaña, Morales; Ivi edo Rochina eta Roger edo Sadiku.

Epailea: Fernandez Borbalan.

Zelaia: Mendizorrotza.

Ordua: 21:30.