Itxi

Alaves

Errusia 2018

Munirrek helegitea jarri du Kirol Arbitrajeko Auzitegian, Marokorekin jokatzeko

Erredakzioa

Alaveseko jokalariak eta Marokoko Futbol Federazioak helegitea aurkeztu dute, Munir El Haddadik selekzio afrikarrarekin jokatu ahal izateko.

  • Munir El Haddadi. Argazkia: EFE

    Munir El Haddadi, Getaeri sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Munir El Haddadi Alaveseko jokalariak eta Marokoko Futbol Federazioak helegite bateratua aurkeztu dute Kirol Arbitrajeko Auzitegian, aurrelariak Marokoko selekzioarekin jokatu ahal izateko.

Martxoaren 13an ezeztatu egin zuen Jokalarien Estatutuen Batzordeak kirol-nazionalitatea aldatzeko eskaera. Munirrek eta Marokoko Federazioak egin zuten eskaera kasu honetan ere.

Kirol Arbitrajeko Auzitegiak dioenez, zabalik geratzen da arbitrajeko prozedura. Bi aldeek alegazioak aurkeztu beharko dituzte idatziz eta hiru arbitrok aztertuko dituzte alegazioak. Munirrek eta Marokoko Futbol Federazioak eskatu dute, erabakia maiatzerako hartuta egotea, jokalariak Marokorekin Munduko Txapelketa jokatu ahal izango duen jakiteko.

Madrilen, San Lorenzo del Escorialen, jaio zen Munir 1995eko irailaren 1ean. Gurasoak marokoarrak ditu, eta berak nazionalitate bikoitza du; espainiarra eta marokoarra. Alavesen jokatzen ari da Bartzelonak utzita. Espainiako 21 urtez azpiko selekzioan jokatu zuen, baita partida bat Espainiako selekzio nagusiarekin. Vicente Del Bosque hautatzaileak eman zion debuta egiteko aukera 2014ko irailaren 8an Mazedoniaren aurka (5-1), 2016ko Eurokoparako sailkatze fasean. Ordutik, ez du berriro Espainiako selekzioarekin jokatu. Munirrek Marokorekin jokatzeko gogoa adierazi zuen, baita bere selekzioarekin Errusiako Munduko Txapelketa jokatzeko asmoa ere, baina FIFAk aukera hau baztertu zuen.

Marokok Mundiala jokatuko du aspaldiko partez, duela 20 urte jokatu baitzuen Munduko Txapelketa bat azken aldiz. Gainera, Espainiaren, Portugalen eta Iranen multzo berean egongo da. Mahai-inguru baten Vicente Del Bosquek onartu zuen "errudun" sentitzen zela Munirren kasuan eta gaineratu zuen "alukeria" egin ziola.