Itxi

Athletic Club

Ligako lehen garaipena

Athleticek Levante gainditu du, erraz (3-0)

Erredakzioa

Aduriz, Iturraspe eta Muniainen golekin, Valverderen taldeak Ligako aurreneko hiru puntuak eskuratu ditu.

Athleticek Ligako lehen garaipena eskuratu du, San Mamesen jokatutako bigarren jardunaldiko neurketan Levante mendean hartuta (3-0).

Lehen zatia nahiko parekatua izan da, eta baloiaren jabetza, partekatua. Valverderen taldea luze jokatzen saiatu da, eta aurreneko gol-aukera 13. minutuan izan da, Adurizek Ibai Gomezen erdiraketa errematatu eta kanpora bidali duenean.

Levantek baloia mugitu du Gorka Iraizozek defendatutako arearen inguruan, baina arriskurik sortu gabe. 21.ean Jesusek Adurizen gola eragotzi du. De Marcosek erdiratu du, eta atezainak oinetatik kendu dio baloia aurrelari donostiarrari. Lau minutu geroago, baliorik gabe utzi du epaileak Adurizen beraren gola, jokoz kanpo zegoelako.

Baina 31.ean sartutako gola markagailura igo da. Korner batean, lehen zutoinean jarri du baloia Ibaik, eta hor agertu da Aduriz buruz ukitu eta gola egiteko. 33.ean, 2-0ekoa sartzeko zorian izan da Ibai Gomez, baina area kanpotik egin duen errematea kanpora joan da, oso gutxigatik. Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldea lehen zatiko azken minutuetan suspertu da. Golaren ondorioz, hobera egin du Levanteren jokoak.

Bigarren zatia hasi eta berehala, etxekoen bigarren gola egin du Iturraspek, geldikako beste jokaldi batean. Ibaik falta bat atera du areatik gertu, eta Iturraspek buruz gainditu du Levanteko atezaina. Lehen golean gertatu den bezala, Athleticen jokoak behera egin du, eta Levante, bestalde, suspertu egin da. Jokoak ez zuen segidarik.

66.ean erabakigarria izan da Gorka Iraizoz. Atezain nafarrak David Navarroren burukada aldaratu du, eta gola eragotzi. 75.ean partida erabakita utzi du Iker Muniainek, zuri-gorrien hirugarren golarekin (3-0). Errematea Adurizek egin du, baina aldarateza nafarrari heldu zaio, eta erraz sartu du gola.

Fitxa teknikoa:

3 - Athletic: Iraizoz; De Marcos, San Jose, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico (Gurpegui, 75'), Beñat (Unai Lopez, 67'); Muniain, Aduriz eta Ibai (Viguera, 77').

0 - Levante: Jesus; Pedro Lopez, Navarro, Vyntra, Nikos (Ivan Lopez, 6'); Xumetra, Simao Mate; Victor Perez (Rafael, 74'), Camarasa, Morales; eta Barral (El Zhar, '61).

Golak:

1-0, 31': Aduriz.

2-0, 50': Iturraspe.

3-0, 75': Muniain.