Itxi

Athletic Club

1-4 Atleticoren aurka

Athleticek gehiegizko zigorra jaso du intentsitate handiko partidan

Erredakzioa

Mikel Ricok aurretik jarri du Athletic 16. minutuan, baina Atleticok markagailuari buelta eman dio bigarren zatiaren hasieran. Griezmannek hat-tricka lortu du San Mamesen.

Athleticek porrota jaso du Atleticoren aurka (1-4), San Mamesen jokatutako BBVA Ligako 16. jardunaldiko partidan. Zigorra gehiegizkoa izan da etxekoentzat, eta partida, intentsitate eta polemika handikoa.

Joko ona eskaini dute zuri-gorriek lehen zatian. Aurkaria baino kemen eta gogo gehiagorekin aritu dira bilbotarrak, eta Mikel Ricok markagailua estreinatu du 16. minutuan. Susaetak falta bat atera du, eta erdilariak buruz gainditu du Moya atezaina.

Simeoneren taldea hainbatetan hurbildu da Iraizozek defendatutako area inguruetara, baina atzelarien lana eraginkorra izan da. Atsedenaldira heldu aurretik, baloiaren-jabetza berreskuratu du Atleticok, eta Athletic estutu du, berdinketaren bila. 38.ean, Moyaren aurrean bakarrik geratu da Aduriz, eta bigarrena egiteko zorian izan da, baina Siqueirak baloia aldaratu du.

Griezmannek norgehiagoka berdindu du, bigarren zatia hasi eta berehala (1-1). Frantziarrak buruz errematatu du Juanfranen erdiraketa ona, eta Gorkak ezin izan du baloia aldaratzeko ezer egin. Simeoneren taldeak 53. minutuan hartu du aurrea markagailuan, epaileak San Josek Thiagori egindako penaltia adierazi duenean. Okertu egin da Hernandez Hernandez. Raul Garciak ez du hamaika metroetatik huts egin.

Jasotako zaplastekoa handia izan den arren, Athleticek lanean jarraitu du. Baina madrildarren kontraeraso batean, 1-3koa egin du Griezmannek eta gol horrek lur jota utzi du Athletic. Aurrelaria ez da horrekin konformatu, eta amaierarako hamar minuturen faltan 1-4ekoa sartu du (jokoz kanpo zegoen). Realeko jokalari ohiak hat-tricka lortu du San Mamesen.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Gurpegui, Etxeita, Balenziaga (Ibai, 79'); San Jose, Rico; Susaeta (Aketxe, 83'), Unai Lopez (Guillermo, 68'), Muniain; eta Aduriz.

4 - Atletico Madril: Moya; Juanfran, Gimenez, Godín, Siqueira (Lucas, 88'); Tiago; Arda (Gamez, 83'), Gabi, Saul (Cristian Rodriguez, 79'), Griezmann; eta Raul Garcia.

Golak:

1-0, 17': Rico.

1-1, 46': Griezmann.

1-2, 53': Raul Garciak, penaltiz.

1-3, 73': Griezmann.

1-4, 81': Griezmann.

Adurizek eta Muniainek ez dute Riazorren jokatuko

Aritz Aduriz eta Iker Muniain jokalariek bosgarren txartel horia ikusi dute Atleticoren aurka, eta ondorioz ezin izango dute ligako hurrengo partidan parte hartu.