Itxi

Athletic Club

Ligan

Berdinketa tristea San Mamesen (1-1)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Zuri-gorriek kontrolpean izan dute partida, eta San Joseren golari esker aurreratu dira, 70. minutuan. Javi Guerrak berehala berdindu du partida. Azken 21 puntuetako bi bakarrik lortu dituzte lehoiek.

  • Balenziaga eta Malagako Castillejo. Argazkia: Efe.

    Balenziaga eta Malagako Castillejo. Argazkia: Efe.

Athleticek berdinketa tristea lortu du San Mamesen, Malagaren aurka jokatutako Ligako partidan. Zuri-gorriek hiru puntuak behar zituzten sailkapenean gora egiten hasteko eta bolada txarrarekin amaitzeko, baina huts egin dute. Taldeari bizitasuna, konfiantza, sakontasuna eta errematera iristea falta zaizkio, eta horrela oso zaila da partidarik irabaztea.

Ernesto Valverdek hasieratik zelairatu ditu Andoni Iraola, Mikel San Jose, Oscar de Marcos eta Ibai; Santutxukoa, Iker Muniain zigortuaren ordez.

Lehen zatia zuri-gorriena izan da, oso-osorik. Baloiaren jabetza bilbotarrek izan dute, eta erasora atera dira lehen minututik. Lehen aukera 8. minutuan izan du Etxeitak korner baten ondorioz, baina bizkaitarra ez da buruz ondo errematatzera iritsi, eta baloia andaluziarren atearen aurretik pasatu da.

Zaleek taldea txalotu eta animatu dute hainbat unetan, eta horretarako arrazoiak ere izan dira. Lehen 45 minutuetan, taldea atzetik ondo atera da, baloia jokatuta, hegaletatik erasora iritsi da eta jokaldiak amaitu ditu, nahiz eta ganoraz errematatzera iritsi ez.

Baina aukerarik garbiena Malagak izan du, 16. minutuan, bilbotarren atzeko aldearen beste hutsegite bat aprobetxatuta. Zorionez, Iraizoz zuhur aritu da eta Castillejok gola egitea saihestu du.

Aukera horrek beldurtu egin ditu Ernesto Valverderen gizonak, eta urduri agertu dira. Mikel Ricok buruz izan du gola egiteko aukera, Ibaik ezkerretik ateratako falta batean, baina Kameni bizkor aritu da eta eskua sartu du baloia kornerrera bidaltzeko.

Atsedenaldiaren atarian, mugimendu asko izan da bi areatan. Iraizozek erantzun ona eman die Castillejok eta Javi Guerrak egindako erremateei. 39. minutuan, Ibaik kornerra atera du eta baloiak zutoinaren goiko partea jo du, Malagako jokalari batek ukitu ondoren. 43an, Adurizek kanpora errematatu du Susaetak kornerretik erdiratutako baloia.

San Joseren eta Javi Guerraren golak

Atsedenaldiaren ostean, Malagak hartu du baloiaren jabetza, Athleticen erdiko lerroaren mugikortasun faltaz baliatuta. Adurizen eta De Markosen saiakera pare baten ondoren, Javi Graciaren taldeak markagailuan aurreratzeko beste aukera bat izan du Hortaren erremate batekin. Baloia kanpora joan da oso gutxigatik.

Bilbotarren artean, galtzeko beldurra irabazteko nahia baino gehiago bihurtu da, baina Mikel San Joseren gola iritsi da orduan: buruz egin du nafarrak, korner batean.

Poztasunak, hala ere, gutxi iraun du, zazpi minutu eskas, Javi Guerrak berdinketaren gola egin baitu Athleticen huts baten ondorioz sortutako jokaldian.

Azkenean, bana San Mamesen, eta zuri-gorriek partidak irabazi ezinda jarraitzen dute. Azken 21 puntuetako bi bakarrik lortu dituzte bilbotarrek. Kezkatzeko modukoa.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Iraizoz; Iraola (Unai López, 64. min), Etxeita, Laporte, Balenziaga; San José, Rico (Beñat, 84. min); Susaeta, De Marcos, Ibai (Viguera, 64. min); Aduriz.

1 - Malaga: Kameni; Torres, Angeleri, Weligton, Antunes; Castillejo (Juanmi, 61. min), Darder, Camacho, Ricardo Horta (Duda, 86. min); Luis Alberto (Amrabat, 72. min) eta Javi Guerra.

Golak: 1-0, 70. min: San José.

1-1, 77. min: Javi Guerra.

n: Javi Guerra.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic