Itxi

Athletic Club

San Mames

Athleticek amore eman du Bartzelonaren aurrean (2-5)

Erredakzioa

Emaitza horrekin, zuri-gorriek beheko postuei begira jarraitu beharko dute.

1:29

Bartzelonak eraginkortasun handia erakutsi du San Mamesen, eta aise (2-5) nagusitu zaio Athletic taldeari, igande gauean San Mamesen jokatu den Ligako 22. jardunaldian. Talde zuri-gorriak ez ditu inoiz besoak jaitsi, baina amore eman behar izan du katalanen erasoko jokoaren aurrean.

Lehen zatian, bi taldeek gola egiteko hainbat aukera izan dituzte, baina Bartzelonak bakarrik lortu du aurkariaren atean sartzea. Atsedenaldirako, huts eta bi nagusi ziren Luis Enriqueren mutilak.

Bartzelonaren lehen gola Leo Messik egin du 15. minutuan. Jokalari argentinarrak zortea lagun izan du gola egiterako garaian; izan ere, haren falta jaurtiketak giza hesian zegoen jokalari bat jo, norabidea aldatu eta ate barrurako bidea hartu du.

Talde katalanak 25. minutuan egin du bigarren gola, Luis Suarezen bitartez, eta neurketa erabat maldan behera jarri zaio Athletici.

Hala ere, Bartzelonak gutxienez beste hiru gol sartzeko abagune garbiak izan ditu: lehena, Gorka Irazoiz atezainak gelditu du eta beste biak Laporte atzelariak ezerezean utzi ditu.

Athleticek Bartzelonari gola egiteko hiru aukera garbi izan ditu, baina Bravok, birritan, eta zutoinak, hirugarrenean, gola eragotzi dute.

Atsedenaldiaren ondotik, Mikel Ricok bat eta bikoa egin du, Bravoren aldaratze bat baliatuta.

Hala ere, Bartzelonak ez dio partida iraultzeko itxaropenik eman Athletici; izan ere, bi minutura, De Marcosek gola sartu du bere atean (1-3).

Segidan, hiru minutu geroago, Bartzelonak laugarren gola egin du.

Athleticek aurrera egin du, ordea, eta Adurizek zuri-gorrien aldeko bigarren gola egin du, Muniainen pase bat jaso ondoren.

Bigarren zatiko ordu erdia bete denean, Etxeitak txartel gorria ikusi du, Luis Suarezi zelai erdian egindako sarrera gogor batengatik, eta partida erabakita geratu da.

Amaitzeko, partidaren hondarrean, Pedrok egin du 2 eta 5ekoa blaugranentzat, Messiren jokaldia baliatuta.

Fitxa teknikoa

2 - Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga (Aurtenetxe, 52'); San Jose, Rico; Susaeta (Beñat, 69'), Unai Lopez, Muniain (Gurpegui, 77'); eta Aduriz.

5 - Bartzelona: Bravo; Dani Alves (Adriano, 69'), Pique, Mathieu, Jordi Alba; Busquets, Xavi (Rafinha, 74'), Rakitic; Messi, Suarez (Pedro, 80') eta Neymar.ç

Golak

0-1, 15': Messi

0-2, 25': Luis Suarez

1-2, 59: Mikel Rico

1-3, 61': De Marcos (bere atean)

1-4, 64': Neymar

2-4, 66': Aduriz

2-5, 86': Pedro

2-5, 86': Pedro