Itxi

Athletic Club

Espanyolen aurka

Zigor handiegia Athleticentzat (1-0)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Partida nahasia jokatu dute bi taldeek, oso aukera gutxi sortuta. Kataluniarrek atera egindako erremate bakarrean egin dute gola, Sergio Garciaren bidez, 40 minutuan.

  • Sergio Garcia eta Laporte, 1 eta 0ekoa iritsi den jokaldian. Argazkia: Efe.

    Sergio Garcia eta Laporte, 1 eta 0ekoa iritsi den jokaldian. Argazkia: Efe.

Athleticek ez du porrota merezi izan, Cornella-El Prat zelaian Espanyolen aurka jokatutako neurketan. Sergio Gonzalezen taldeak gola egitea lortu du, Iraizozen ate barrura egindako jaurtiketa bakarrean. Sari handiegia kataluniarrentzat, eta zigor handiegia lehoientzat. Espanyolek aurrea hartu dio Athletici sailkapenean.

Lehen ordu erdian ez da gol-aukerarik izan. Athletic, hori bai, nagusi izan da zelaian, eta baloiaren jabetza zuri-gorriena izan da. Baina bilbotarren jokoak ez du sakontasunik ezta errematerik ere izan, eta horrela ezinezkoa da baloiaren jabetzari etekinik ateratzea.

Espanyol, berriz,  kontraerasoan saiatu da, baina Gorkarengana hurbildu diren aldi apurretan ez dute kataluniarrek arrisku seriorik sortu lehen 35 minutuetan.

Minutuek aurrera egin ahala, partida orekatu egin da, baina jokoan tentsio falta handia nabarmendu da. Horrelakoetan,  golak ezustekoan iristen dira, eta hori gertatu zaio Valverderen taldeari: baloia zelai erdian galdu dute, Victor Alvarezek Sergio Garciari eman dio, eta honek baloia Iraizozen atean sartu du. 1 eta 0, 37. minutuan.  Golarena, hiru zutoinen artean egindako jaurtiketa bakarra izan da lehen zati osoan.

Bigarren zatia

Bigarren zatia lehenengoa amaitu bezala hasi da: lehoiak lo, eta Espanyol hobeto baloia jokatzeko orduan.

Taldea 53. minutuan esnatu da, Gurpegik buruz errematatu du Beñatek ateratako kornerra. Errematea gora joan zaio, gutxigatik. Ibai eta Susaeta zelaian sartu ditu Valverdek, Mikel Ricoren eta Guillermoren ordez, eta horrek ere beste bizitasun bat eman dio jokoari.

Aukerak, amaieran

Azken minutuetan, Athleticek erasora jo du, berdinketaren golaren bila. Ibai birritan saiatu da, urruneko erremateen bidez, baina Casilla oso seguru aritu da. Zuri-gorrien gola ez da iritsi.

Aznean, 1 eta 0, Espanyolek aurrea hartu dio Athletici sailkapenean.

Fitxa teknikoa:

1. Espanyol: Casilla; Arbilla, Álvaro, Héctor Moreno, Duarte; Lucas Vázquez (Montañés, 83. min), Abraham (Víctor Sánchez, 68. min), Cañas, Víctor Álvarez; Sergio García eta Stuani (Caicedo, 63. min).

0. Athletic: Iraizoz; Iraola, Gurpegi, Laporte, De Marcos; Mikel San José, Mikel Rico (Ibai, 56. min); Williams, Beñat, Viguera eta Guillermo (Susaeta, 56. min).

Gola: 1-0, 37. min: Sergio García.

Sergio García.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic