Itxi

Athletic Club

Cadiz kanporatuta

Bigarren Mailara!

Leire Etxazarra | eitb.eus

Bilbao Athleticek berdinketa epikoa lortu du Ramon de Carranza estadioan, eta datorren denboraldian Bigarren Mailan jokatuko du, azken igoera lortu zutenetik 19 urte pasa ostean.

01:14

Ametsa gauzatu du Bilbao Athleticek. Lehoi-kumeek Bigarren Mailan jokatuko dute datorren denboraldian, Cadizen aurkako itzuleko partida azken hasperenean  berdinduta. San Mamesen jokatutako joanekoa 2 eta 0 gailendu ziren zuri-gorriak, eta horri esker lortu dute igoera.

Beroak (40 gradu inguru izan dira Cadizen) eta zale andaluziarren bultzadak ez ditu bilbotarrak kikildu. Hori bai, sufritu egin dute. Asko, gainera.

Cadizeko jokalariek argi eta garbi izan dute egin beharrekoa:  San Mamesen emandako irudi kaskarra ahaztaraztea eta kanporaketa iraultzea. Eta erronka horri hasieratik ekin diote, Jonak 9. minutuan lehen gola egin baitu, Remiro gaindituta.

Andaluziarrak ondo kokatuta izan dira berdegunean , baina lehoi-kumeek ere ondo egin dute presioa. Bilbotarren aukerarik onena Sabinek izan du atsedenaldiaren atarian, baina jaurtiketa kanpora joan zaio Aulestia atezainaren aurrean bakar-bakarrik zegoenean.  Aurretik, Juan Villarek ere aukera itzela izan du, baina baloiak langa jo du.

Bigarren zatia horia izan da, erabat, eta minutuek oso astiro egin dute aurrera Bilbao Athleticen interesaren kontra. Villarren beste jaurtiketa batek zutoina jo du berriro ere, Cadiz etenik gabe aritu da erasoan.

Gola azken minutuetan

Kanporaketa azken minutuetan erabaki da.  Beste baloi batek Cadizen ateko zutoinean jo ostean, Salinasek bilbotarren gola egin du kontraeraso batean. Andaluziarrek erasoa baino ez dute izan buruan, eta atzeko aldean zulo handiak utzi dituzte. Golak zoramena ekarri du, eta epaileak amaitutzat eman du neurketa.

Gauzak horrela, lehoi kumeak Bigarren Mailara iritsi dira, 1995-96an jaitsi ondoren.  Adelante Ligan arituko den harrobiko talde bakarra izango da Bilbao Athletic, Bartzelona B aurten bertan jaitsi baita. Denboraldi borobila egin dute Cuco Zigandaren mutilek.

 

t="utf-8">