Itxi

Athletic Club

Bakun

Athletic, arazorik gabe hurrengo kanporaketara (0-0)

Mikel Dominguez | eitb.eus

Hutsean geratu dira Inter Baku eta Athletic, erritmorik gabeko neurketan, eta play-offetan egongo dira zuri-gorriak. Aurkaria ostiralean jakingo dute.

4:54

Athletic Europa Ligako hurrengo fasean egongo da, taldekako fasean txartela eskuratzeko play-offetan, hain zuzen. Berdinketa lortu du Bakun (0-0). Ostiralean, 13:00ean, jakin du aurkaria, zozketan.

Espekulaziorik ez du nahi izan Athleticek, eta hasieratik golaren bila zelairatu da. Denboraldi-aurreko prestaketa lanak jarraitu nahiean edo, joaneko partidaren markagailua ahaztu eta erasora jokatu dute zuri-gorriek.

Adurizek egin du lehenengoa, 5. minutuan, baina atezainaren eskuetara joan da zuzenean. Gero, ezkerretik saiatu da Aketxe, kontraerasoan. 13.ean gola sartu du Inter Bakuk, baina Khizanishvili jokoz kanpo zegoen, eta epaileak baliogabetu du.

Aukerarik argiena Erasok izan du, 19. minutuan. Jokaldi polita egin du Athleticek, eta Susaetaren pase ona zutoinera bidali du iruindarrak. Baloiaren kontrola eta aukerak izan dituzte zuri-gorriek.

26. minutuan, baina, gutxigatik ez du sartu Inter Bakuk, Seyidoven falta jaurtiketa batean. Ura edateko gelditu dute partida gero, UEFAren arauek hala aginduta, eta jokoa ez da lehenengo zati osoan itzuli.

Sakontasun gehiago behar zuen Athleticek aukerak sortzeko, baina jokoa gehiegi moteldu da azkenean. Atzeko hutsak baliatuta, Inter Bakuk kontraerasoekin bukatu du lehenengo zatia.

Istoria laburragoa izan du bigarren zatiak. Adurizen abagune bat izan da onena. Gutxigatik ez da sartu baselina, Aketxeren pase on baten ostean. Ura edateko geldiunea egin dute, baina ez da nahikoa izan erritmo apur bat ere berreskuratzeko.

Athleticek bi gol zituen alde, eta Inter Baku ez da gai izan zuri-gorriak arazoetan sartzeko. Bigarren zatiko aipagarriena, Sabin Merinoren debuta partida ofizialean. 25 minutu jokatu ditu.

FITXA TEKNIKOA

Athletic: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Beñat (Elustondo, 90. min); Susaeta (Ibai, 86. min), Eraso (Sabin, 67. min), Aketxe; eta Aduriz.

Inter Baku: Agayev; Denis Silva, Khizanishvili, Kasradze; Qirtimov, Kvekveskiri, Seyidov, Bayramov; Hajiyev (Abdullayev, 76. min), Dhiego Martins (Fomenlo, 77. min); eta Aliyev.