Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Alkorta San Mamesera itzuliko da Olympique Marsellarekin

Erredakzioa

Michel da talde frantziarraren entrenatzailea eta Athleticeko jokalari ohia du laguntzaile. Otsailaren 25ean itzuliko da Katedralera, Europa Ligako final-hamaseirenetako itzulerako partidan.

  • Rafael Alkorta. Argazkia: EFE

    Rafael Alkorta. Argazkia: EFE

Athleticek Olympique Marsella taldea izango du aurkari Europa Ligako final-hamaseirenetan. Joaneko partida Marsellako Velodrome zelaian jokatuko da otsailaren 18an, 21:05ean; itzulerakoa San Mamesen izango da otsailaren 25ean, 19:00etan.

Zuri-gorriak talde historiko baten aurka jokatuko dute, Europako txapeldun izandako taldea. Olympique Marsella, ordea, ez dago bere historiako unerik onenean. Talde frantziarrean Ligako bi jokalari ohi daude teknikari lanetan; Michel da entrenatzailea eta Rafael Alkorta du laguntzaile. Iragan denboraldian, Athleticeko entenatzaile izandako Marcelo Bielsak zuzendu zuen Marsellako taldea. Alkorta Michelen laguntzailea izan zen Olympiakosen ere.

Partida berezia izango da Rafael Alkortarentzat. Etxera itzuliko da, eta bere talde ohiaren aurka ariko da. Alkortak oso ondo ezagutzen du Athletic eta hori lagungarria izan daiteke talde frantziarrarentzat. "Harrigarria izan da. Talde tekniko osoa bildu gara zozketa ikusteko eta Athletic egokitu zaigunean zarataka hasi naiz. Oso pozik nago", adierazi du Alkortak Onda Vasca irratian.

Olympique Marsella, bederatzigarren Frantziako ligan

Michelek zuzentzen duen taldea ez da denboraldi ona egiten ari. Ligue1ean 18 jardunaldi jokatu dira jada, eta Marsellako taldea bederatzigarren postuan da 24 punturekin; Europa Liga jokatzea bermatzen duen laugarren postutik 6 puntura eta jaitsiera postuetatik, bost puntura.

Iragan denboraldian Olympique Marsellak laugarren amaitu zuen denboraldia Marcelo Bielsaren aginduetara. Athleticeko entrenatzaile ohiak, ordea, denboraldi honetan lehen partida bakarrik zuzendu zuen Marsellarekin eta Caenen aurka galdu ostean, dimisioa aurkeztu zuen. Michel izan zen Bielsa ordezkatu zuena, baina Madrileko entrenatzailea ez da denboraldi ona egiten ari. Olympique Marsellak irailaren 13tik darama bere zelaian garaipenik lortu gabe.


  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic