Itxi

Athletic Club

Errege Kopa

Partida irauli du Athleticek, bigarren zati bikaina eginda (3-2)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Atsedenaldian Vila-real 0 eta 2 izan da aurretik, baina Williamsek, Adurizek eta Laportek egindako golek buelta eman diote norgehiagokari. Kanporaketa Madrigalen erabakiko da.

1:50

Athleticek ondo hasi du partida, Marcelinoren taldea atzean sartuta zegoela aprobetxatuz.

Gola egiteko lehen aukera argia Iñaki Williamsek izan du, 9. minutuan. Aurrelari gaztea bakar-bakarrik geratu da Barbosa atezainaren aurrean, Beñatek emandako pase bikainari esker, baina bere errematea kanpora joan da, zutoinaren ondotik.

Bost minutu geroago, gola egiteko bigarren aukera argia izan dute bilbotarre. Beñatek korner bat atera du eta Laportek ez du gutxigatik baloia buruarekin errematatu, Barbosa atetik atera eta huts egin ostean.

Athletic hobeto ari izan denean iritsi da Vila-realen gola. Leo Baptistaok egin du, valentziarren jokaldi on baten ondorioz.

Lekuek eta Iturraspek berdinketa egiteko aukerak izan dituzte, baina partidako bigarren gola ere Marcelinoren mutilek egin dute. Samuk sartu du, kontraerasoan.

Athleticen susperraldia

Bigarren zatiaren hasieran, Vila-real oso ondo aritu da defentsan, zuri-gorrien bultzadari eutsi nahian.

Bilbotarrak Iñaki Williamsen golarekin suspertu dira. Beñatek pase bikaina eman dio, enegarrena, eta Williamsek ez du barkatu. Bibotarrak neurketan sartu dira berriro.

Talde horia hautsia geratu da, eta lehoiek etekina atera diote horri. Adurizek eta Laportek beste bi gol egin dituzte eta neurketa irauli dute. Laporte ere laugarrena sartzear izan da luzapenean.

Fitxa teknikoa:

3 - Athletic:
Herrerín; De Marcos, Etxeita, Laporte, Lekue (Balenziaga, 87. min); Iturraspe (San José, 81. min), Beñat; Susaeta, Raúl García, Muniain (Aduriz, 55. min); eta Williams.

2 - Vila-real:
Barbosa; Rukavina, Bailly, Víctor Ruiz, Adrián Marín; Pina, Rodri (Bruno, 80. min), Nahuel (Mario, 73. min), Samu Castillejo; Leo Baptistao (Bakambu, 66. min) eta Samu García.

Golak:
0-1, 16. min: Leo Baptistao. 0-2, 38. min: Samuel García. 1-2, 54. min: Williams. 2-2, 68. min: Aduriz. 3-2, 81. min: Laporte.

. min: Laporte.