Itxi

Athletic Club

Igandean, 18:15ean

Athleticek eta Realak Europa buruan dutela jokatuko dute derbia

Agentziak | Erredakzioa

Donostiarrak bolada onean dira, azken hiru partidak irabazi ostean. Bilbotarrak, berriz, indarberrituta daude, Europa Ligan lortutako emaitza onari esker.

  • Realeko atzelariek gertutik jarraituko dute Aduriz. Argazkia: Efe.

    Realeko atzelariek gertutik jarraituko dute Aduriz. Argazkia: Efe.

Athleticek eta Realak Europan jokatzeko dituzten aukerak proban jarriko dituzte San Mamesen jokatuko duten derbian. Zuri-gorriek puntu batera dute seigarren postua eta txuri-urdinek seira, baina donostiarrak garaile atera dira azken hiru partidetan.

Bilbotarrak indar berrituta iritsi dira derbira, ostegunean Marseillan 0 eta 1 irabazi ostean, Adurizek egindako gol ikusgarri baten bidez. Valverderen taldeak dena alde dauka Europa Ligako kanporaketa San Mamesen gainditzeko.

Europako lehia alde batera utzita, lehoiek Ligako bidea zuzentzen saiatuko dira, Vila-realekin berdindu (0-0) eta Real Madrilekin galdu ostean (4-2). Bi emaitza horien ondorioz, Athleticek seigarren postua galdu du, Eibarren alde.

Reala, bolada onean

Realari dagokionez, gipuzkoarrek aukera paregabea dute Europan jokatzeko lehian sartzeko. Helburu hori erabat baztertuta izan dute azken hilabeteetan, baina San Mamesen irabazten badute, Europa gertuago izango dute.

Reala jaitsiera postuetan ez jausteko lehian murgilduta izan da azken hilabeteetan. Hala ere, azken hiru garaipenek egoera goitik behera aldatu dute. Donostiarrek 30 puntu dituzte orain, Europa seira dute eta oraindik 14 jardunaldi falta dira Liga amaitzeko.

Eusebioren taldeak ez du azken hiru urteetan San Mamesen jokatutako partidarik galdu.

 

Ustezko hamaikakoak:

Athletic: Iraizoz; De Marcos, Bóveda, Laporte, Balenziaga; San José, Beñat; Williams, Eraso, Susaeta; Aduriz.

Reala: Rulli; Elustondo, Mikel González, Iñigo Martínez, Yuri; Illarramendi, Rubén Pardo, Xabi Prieto o Diego Reyes; Oyarzabal, Vela, Jonathas.

Epailea: Sánchez Martínez (murtziarra).

Zelaia: San Mames.

Ordua: 18.15ean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic