Itxi

Athletic Club

San Mamesen

Realak eraman du derbia, Athletic oso kaskar baten aurrean (0-1)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Jonathasek 17. minutuan egindako golak hiru puntuak eman dizkie donostiarrei. Raul Garcia eta Zurutuza berriro zelaian ikusteko aukera eman du neurketak; Williams, berriz, lesionatu egin da.

  • Muniain eta Reyes. Argazkia: Efe.

    Muniain eta Reyes. Argazkia: Efe.

Realak irabazi egin du San Mamesen Athleticen aurka jokatutako euskal derbia. Donostiarren laugarren garaipena da jarraian,  sailkapenean gora egiten jarraitzen dute eta Europarako lehian sartu dira.

Neurketa txarra izan da, aukera oso gutxikoa, eta joko nahasikoa. Epaileak ere ez du lagundu, txartel hori gehiegi atera ditu zelaian ikusitakoaren arabera.

Norgehiagoka polemikarekin hasi da, Sanchez Martinez epaileak baliogabe utzi baitu Adurizek lehen minutuan sartutako gola. Murtziarraren arabera, aurrelaria jokoz kanpo egon da.

Partida, eta markagailua, Jonathasek hautsi du. Ezkerrez bikain errematatu du Carlos Velaren pase ederra, eta baloia Iraizozen atean sartu du. 30. minutuan, brasildarrak bigarren egiteko aukera paregabea izan du, bakar-bakarrik Iraizozen aurrean, baina atezainak ondo harrapatu du baloia. Zuri-gorrien defentsa makal eta oso motel aritu da.

Lehen ordu erdia bete eta gutxira, Iñaki Williams lesionatu egin da. Aurrelaria Realaren area barruan jausi da Yurirekin batera. Zaleek penaltia eskatu dute, baina epaileak ez du horrelakorik ikusi. Williamsek zelaia utzi behar izan du, min hartuta, eta bere ordez Raul Garcia sartu da, bere lesioa osatu ostean.

Athletic saiatu da, zorterik gabe

Bigarren zatian, Athleticek borondatea jarri du, baina futbolik ez, era Realak eroso egoten jarraitu du, momentu oso zehatz batzuk kenduta.

Laportek eta Muniainek izan dituzte bilbotarren aukerarik argienak, baina Rullik ez du beste munduko estutasunik izan. Azken minutuetan, Valverderen gizonek aurrera egin dute berdinketaren bila, baina ez dira baloia donostiarren atean sartzeko gai izan. Beñatek, San Josek, Adurizek eta gainontzekoek ez dute egunik onena izan.

Azkenean, Reala nagusi, eta donostiarrak Europara begira dira orain. Athleticek, berriz, ez du garaipenik lortu Ligako azken hiru partidetan. Ostegunean Europa Ligarekin dute hitzordua: Marseilla dator San Mamesera.

 

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic: Iraizoz; De Marcos, Gurpegui, Laporte, Balenziaga; San José (Iturraspe, 78. min), Beñat; Susaeta (Viguera, 73. min), Muniain, Williams (Raúl García, 37. min); eta Aduriz.

1 - Reala: Rulli; Elustondo, Mikel González, Iñigo Martínez, Yuri; Diego Reyes (Rubén Pardo, 68. min), Illarramendi, Xabi Prieto; Vela (Markel Bergara, 75. min), Jonathas (Zurutuza, 90. min) eta Oyarzabal.

Gola: 0-1, 17. min: Jonathas.

min: Jonathas.

min: Jonathas.