Itxi

Athletic Club

2-1 San Mamesen

Athletic bosgarren da berriro, Celtari asko sufrituta irabazi ostean

Leire Etxazarra | eitb.eus

Orellanaren golari buelta eman diote zuri-gorriek Adurizek, penaltiz, eta Raul Garciak egindako golei esker. Celtak 10 jokalarirekin jokatu du bigarren zati osoa.

Sufrimenduak saria izan du San Mamesen, merezitakoa baino gehiago. Partida txarra jokatu du Athleticek Celtaren aurka. Galiziarrek jipoia eman diete bilbotarrei zelaian lehen 45 minutuetan, eta aurretik ere jarri dira Orellanaren golari esker.

Gauzak ez dira ondo hasi lehoientzat. Celta garaipena hasieratik bideratzeko asmoarekin atera da San Mameseko zelaira, eta lehen minutuetan arriskua sortu du Iraizozen arean. Nolitok sortu du arrisku gehien.

Galiziarrak jaun eta jabe izan dira, eta nagusitasun horrek eragina izan du markagailuan norgehiagokako 13. minutuan. Orellanak gola egin du, Athleticen atzelarien moteltasuna aprobetxatuta.

Gauzak aldapan gora jarri dira bilbotarrentzat, 37. minutua iritsi den arte. Momentu horretan, Cabralek Adurizi egindako penalti argia adierazi du, eta aurrelari donostiarrak ez du jaurtiketan hutsik egin. Banakoa egin du, San Mameseko zaleen lasaitasunerako.

Handik bi minutura, epaileak txartel gorria atera dio Cabral argentinarrari, Adurizi eraso egiteagatik. Berizzoren taldea 10 jokalarirekin geratu da. Egoera goitik behera aldatu da, Athleticen alde, bi minututan.

Atsedenaldiaren ostean, Raul Garciak ezustean harrapatu du Sergio atezaina urrutitik egindako jaurtiketa batekin, baina baloia, tamalez, zutoinera joan da.

Raul Garciaren gola

Zelaian jokalari bat gehiagorekin aritu arren, Valverderen taldeak zailtasun handiak izan ditu Celtaren atzeko lerroan min egiteko. Raul Garciak lortu du zuloa egitea, 72. minutuan. Nafarrak lurretik erremate bitxia egin du, Athleticen bigarren gola sartzeko.

Bizkaitarrak nagusi markagailuan, eta baloiaren jabetza izan arren, ezin izan dute azken minutuetako sufrimendua ekidin. Estu eta larri ibili dira, galiziarrak berdinketaren bila gora egin dutenean.

Azkenean, garaipena etxean geratu da. Zuri-gorriak bosgarren postura itzuli dira, Celtaren kalterako, eta denboraldia amaitzeko bi jardunaldi falta direnean.

 

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Iraizoz; De Marcos, Bóveda, Etxeita (Iturraspe. 59. min), Balenziaga; San José, Beñat; Susaeta, Raúl García, Muniain (Williams, 59. min); Aduriz (Viguera, 86. min).

1 - Celta: Sergio Álvarez; Hugo Mallo, Cabral, Sergi Gómez, Jonny; Wass (Guidetti, 81. min), Marcelo Díaz (Planas, 68. min), Tucu Hernández; Orellana, Nolito e Iago Aspas (Radoja, 55. min).

Golak: 0-1, 13. min: Orellana. 1-1, 37. min: Aduriz, penaltiz. 2-1, 72. min: Raúl García.

 

 

t="utf-8">