Itxi

Athletic Club

Errege Kopa

Athleticek aurrera egin du Kopan, Racing kanporatuta

Agentziak | Erredakzioa

Nagusi izan dira zuri-gorriak San Mamesen jokatutako itzuliko neurketan. Etxeitak, Raul Garciak eta Williamsek egin dituzte etxekoen hiru golak.

  • Etxeitak lehenengo gola egin du; Williamsek, hirugarrena / EFE.

    Etxeitak lehenengo gola egin du; Williamsek, hirugarrena / EFE.

Athleticek ez dio Racingi aukerarik eman Errege Kopako final-hamaseirenetako itzuliko neurketan San Mamesen. Zuri-gorriek Sardineroko aldeko emaitzarekin hasi dute partida (1-2), eta nagusi izan dira Etxeita, Raul Garcia eta Williamsen golekin.

Lehoiek arazorik gabe atera dute kanporaketa aurrera. Racing aurrera begira zelairatu da, eta abagune argia izan du 15. minutuan. Gandarak eta Coulibalyk jokaldia egin dute, baina Aquinoren errematea gora joan da. Bi minutu geroago, Etxeitaren gola heldu da. Buruz errematatu du, Adurizen baloiak langan jo ostean.

Racingek asko sufritu du Athleticen erdiraketekin. Zuri-gorriek aldea handitzeko aukerak izan dituzte, Etxeita eta Raul Garciaren hanketan, baina markagailua ez da mugitu.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Raul Garciak eta Adurizek jokaldi polita egin dute, eta nafarrak ondo bukatu du. Kanporaketa erabakita utzi dute horrela.

Racingek presioa aurreratu du lehoien nagusitasun handiaren aurrean, eta Williamsek hirugarrena egin du orduan, 72. minutuan, bisitarien arean jokaldi nahasi bat aprobetxatuta.

FITXA TEKNIKOA

Athletic: Iraizoz; Lekue, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San Jose, Mikel Rico (Iturraspe, 64. min); Williams, Raul Garcia (Eraso, 61. min), Muniain; eta Aduriz (Susaeta, 61. min).

Racing: Raul Dominguez; Gandara (Camus, 70. min), Samuel Llorca, Mikel Santamaria, Julen Castañeda; Heber Pena, Sergio Ruiz (Javi Cobo, 75. min), Alvaro Peña, Coulibaly (Somavilla, 66. min); Dani Aquino eta Caye Quintana.

Golak: 1-0, 17. min: Etxeita. 2-0, 47. min: Raul Garcia. 3-0, 72. min: Williams.

min: Williams.